INFO

Ospe handiko izenak ageri dira Athleticen entrenatzailea izateko aukeren artean

Presidentegaiek ezkutuan gordetzen dute hauteskundeak irabazteko erabakigarria izan daitekeen apustua. Bielsa, Valverde, Pochettino, Marco Rose edo Marcelino bera dira zurrumurruen zerrendan entzuten diren entrenatzaile esanguratsuenak.

Pochettino entrenatzaile kargutik botatzeko asmoa dauka PSGk. (KARIM JAAFAR | AFP)

Ekainaren 24an ospatuko dira hauteskundeak Athleticen eta, karta joko bat izango balitz bezala, presidente izateko hiru hautagaiek ezkutuan gordetzen dute zein izango den beren kirol proiektua gidatuko duen entrenatzailea.

Ricardo Barkala izan da bere kirol zuzendaria zein izango den zehaztu duen bakarra. Ramon Planes kataluniarra izango da bere kirol proiektuaren burua. Esperientzia handia dauka, azken bi hamarkadetan Ligako hainbat klubetan aritu baita. Bartzelona, Getafe, Rayo, Elche... Tottenham talde ingelesean eta Espanyolen ere egondakoa da. Bi talde hauetan Mauricio Pochettino argentinarrarekin batera egon zen eta harreman ona mantentzen dute geroztik. PSG taldeak kargutik kentzeko erabakia hartu du eta ez du beteko geratzen zaion urte beteko kontratua. 10 miloi euroko kalte ordaina jasoko omen du eta libre egongo litzateke.

Ikusteke dago bide-orri hori jarraituko duen. Barkalak komentatu izan du dozena erdi bat entrenatzailerekin hitz egin duela. Ez du inoiz esan nortzuekin batzartu den, baina horien artean teknikari esanguratsuak daude. Alemaniako selekzioan aritu den Joachim Low edo Marsellan, Roman eta Lyonen aritutako Rudi Garcia frantziarra esaterako.

Marcelo Bielsa Athleticen entrenatzailea izan zen orain dela hamarkada bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Iñaki Arechabaleta da zeresan handiena ematen ari dena komunikabideetan. Kirol zuzendaria aukeratu gabe daukala esan izan du, baina entrenatzailea hitzartuta daukala ziurtatu du. Ezaguna da Jose Mari Amorrorturekin harremana daukala eta proiektua diseinatzerakoan lagundu dionetako bat da. Hari horretatik tiraka Marcelo Bielsarengana iristen da. Are gehiago, bere hautagaitzan presidenteordea izango den Iñaki Goirizelaiak elkarrizketa batean esandakoak kontuan hartuta. Bere hitzetan, Athleticen zaleen artean entrenatzaile erakargarriena dena lotuta daukate.

Orain dela hamarkada bat Bielsak egindako lan bikaina eta bizitako une ahaztezinak gogora ekarri izan ditu Arechabaletak elkarrizketetan. Horregatik, jarraitzaile asko sinetsita daude Bielsa izango dela bere apustua. Leeds taldetik kaleratua izan da argentinarra azken denboraldian. Radio Euskadin atzo gauean egindako elkarrizketan, Bielsak «XXI. mendeko denboraldirik handiena» egin zuela azpimarratu zuen Arechabaletak. Entrenatzaile bikaina dela gaineratu zuen, baina beste lan posturen batean moldatu daitekeela esan zuen.

Jon Uriarte aldiz, modu ezberdinean kudeatzen ari da komunikazio kanpaina hasieratik. Azkena izan zen agertokira ateratzen eta lehenengo postua eskuratu du abalak jasotzerakoan. Ezer gutxi azaldu du bere proiektuaren inguruan, baina bazkideen artean ilusioa, edo interesa behintzat, piztu du. Esandakoaren arabera, kirol egitura osoaren ardura -lehen taldea, harrobia eta emakumezkoak-, pertsona batek eramango du.

Cercle Brugge talde belgikarrean lanean ari den Carlos Aviña Ibarrolaren izena da komunikabideetan eta sare sozialetan agertu den bakarra. Bilbon izan dela ziurtatu dute, baina ez dago baieztapen ofizialik. 31 urte ditu mexikarrak eta America taldean ere lan egin zuen Europara joan aurretik. Big Data delakoa futbolerako erabiltzen aditua da. Jokalari gazteen aldeko apustua egin izan du, erritmo altuetan jokatzeko helburuarekin.

Marco Rose alemaniarrak Borussia Dortmund taldea zuzendu du azken denboraldian. (Ina FASSBENDER/AFP)

Entrenatzaileari dagokionez ere isiltasuna da nagusi. Paulo Fonsecaren izena atera izan da, baina Lille taldearekin akordio batetara iristeko gertu dago. Azken egunetan Marco Rose alemaniarra izan daitekeela bere apustua zabaldu da. Red Bull frankiziaren eskolan hezitakoa da eta azken denboraldian Dortmungo Borussia taldea zuzendu du. Bigarren postuan sailkatu da Bundesligan, baina ez du jarraitu karguan. Hurrengo denboraldirako Galatasaray taldearen eskaintza bat dauka mahai gainean. Turkiarrekin sinatuko balu, Borussian ibilitako Lucien Favre suitzarra edo Shaktar Donetsk zuzendu duen Robert de Zerbi italiarra izan daitezke aztertzen ariko liratekeen beste aukerak.

Marcelino eta Valverde, bigarren lerroan

Bielsarekin gertatzen den moduan, Marcelinok eta Valverdek zale ugari dituzte Athleticen jarraitzaileen artean. Asturiarrak agur esan zuen denboraldia amaitzerakoan, baina Barkalak aipatu izan du harreman ona daukala eta berarekin hitz egiten duela. Zaila dirudien arren, ez litzateke harritzekoa izan beharko azken unean Marcelinoren aldeko apustua egitea. Lan ona egin du eta, besterik ezean, aukera irabazlea izan daiteke.

Antzeko kasua da Valverderena. Athleticen partida gehien zuzendu dituen entrenatzailea da eta oso emaitza onak lortu ditu talde zuri-gorrian egon den bi sasoi ezberdinetan. Arechabaletak berarekin hitz egin duela onartu du. Harreman ona daukala eta miresten duela argudiatuz. Dirudienez Valverdek ez du nahi hauteskundeetan parte hartu, baina lehen aukeraketa horiek kale egingo balute, argi dago izen aproposena dela. Bartzelonatik kaleratu zutenetik entrenatu gabe dago.

Hauteskunde egunera gerturatu ahala, zehazten joango dira presidentegai bakoitzaren entrenatzaileak. Athleticen historiari erreparatuta horrela egin izan dute. Egun gutxiren faltan ezagutu izan dira batzuetan. Ezineskoa dirudi egin duten aukeraketa azaldu gabe bazkideen babesa jasotzea.

Valverdek 2017an utzi zuen Athletic. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)