INFO

«Arazo gutxiago sortzen du Echanizen alde botoa emateak», adierazi du EH Baik

Bigarren itzuliari begira boto konsignarik eman ez badu ere laugarren hautesbarrutian Nupesek aurkeztu Iñaki Echaniz hautagaiaren aldeko boto-papera emateak «arazo gutxiago sortzen duela Macronen ildoko den Annick Troundayen alde» egiteak baino adierazi du Euskal Herria Baik.

Mediabask hedabideak antolaturiko eztabaidan Echaniz eta Trounday, ezkerrean, Beatrice Molle kazetariaren alboan, eta Egoitz Urrutikoetxea (EH Bai), lehena eskuinean. (Bob EDME)

Joan zen igandean jokatu zen boza legegileen lehen itzuliaren biharamunean Euskal Herria Baik agiria zabaldu zuen. Hauteskunde horietan mugimendu ezkertiar eta abertzaleak lortu zuen aitzinamendua nabarmentzearekin batera (2017ko lehen itzulian baino 3.500 boto gehiago bildu zituen hirugarren indarra bezala baieztatuz) bigarren itzuliari begira boto aholkurik ez zuela emango jakitera eman zuen.

Izan ere, «ezkerreko alderdia den heinean», Euskal Herria Baik «Ensemble! eta Nupes arteko programa politikoak» ez zituela berdin hartzen argitu zuen, arlo soziala eta ekologikoari aipu eginez.

Era berean euskara, euskal elkargoa edo bake prozesua ataletan EH Bai eta ezkerra hexagonalaren artean dauden desadostasun handiak ez zituen ezkutatu EH Baik.

Edonola ere «bigarren itzulian kalifikatuak diren hautagaiak ez ditugu hein berdinean ematen» gaineratu zuen, hautesbarrutien artean lehenengo ñabardura eginez.

5. eta 6. hautesbarrutietan bezala, laugarrenean ere Ensemble! eta Nupeseko hautagaiak aurrez aurre izanen dira heldu den igandean.

Izan ere Ipar Euskal Herriko barnealdeko eta Biarnoko herriak biltzen dituen hautesbarruti berezi horretan mila boto inguruko abantaila baizik ez zuen eskuratu iragan igandean Macronen aldeko hautagaiak.

Emaitza ezagutu eta berehala Iñaki Echanizek EH Baiko ordezkariekin bilera egiteko asmoa zuela iragarri zuen. Bilkura «eraikitzaile» hori igaro ostean EH Baik gaur asteazkenean agiri berria plazaratu du.

Boto konsignarik ez duela emanen berretsi du alderdiak. Edonola ere ñabardura egin du. Iñaki Echaniz hautagaiaren aldeko boto-papera baliatzeak «arazo gutxiago sortzen duela Macronen ildoko den Annick Troundayen alde» egiteak baino oharra egin du EH Baik.

Bart "Sud Ouest" kazetak Donapaleun egin zuen bigarren itzuliari buruzko eztabaidaren testuinguruan «pertsonalki» Echanizen aldeko botoa emango zuela aurreratu zuen hautesbarrutian EH Bairen hautagai izan den Egoitz Urrutikoetxeak.

«Macroni bidea hesteaz harago, gure proiektu eta aldarrikapenekiko gutxieneko adostasuna adierazi duen Echanizen aldekoa izanen da nire bozka», adierazi zuen.

Ezkerreko abertzaleek orotara 4.333 boto eskuratu zituzten ekainaren 12an laugarren barrutian (horietatik 3.996 boto Ipar Euskal Herriko emaitzak soilik aintzat harturik).

Lassallek ez du boto konsignarik eman; EAJ-PNB Ensemble!ko hautagaien alde

Laugarren hautesbarrutian hirugarren heldu zen Resistons! alderdiko Julien Lassallek ez du boto konsignarik emanen bigarren itzuliari begira.

Alta, hautagaiak lortu zituen 8.771 boto-emaleek bigarren itzulian eginen duten hautuak garrantzia handia du.

Ez solik laugarren barrutian baizik eta beste bi euskal hautesbarrutietan ere Ensemble!ko hautagaien alde botoa ematera deia egin du EAJ-PNBk. 2.151 boto (%1,77) lortu zituzten jeltzaleek 2017ko boza legegileen lehen itzulian. Hego Lapurdiko herriak biltzen dituen seigarren hautesbarrutian aurkeztu zuen hautagaitza bakarrrik.