Herri gutxituen bidea zabaltzeko ideiak jasotzen ditu Galo Martinez de la Perak bere saiakeran
‘Emearen bidea supergizakiaren aroan’ (Alberdania) da Galo Martinez de la Peraren azken proposamena, herri ukatu eta gutxituei bizirauteko aukera ematen dien mapa. Bere ustez, emearen festa erlijiotsu bat egin behar da, non kristautasunak sortutako mesfidantzekin hautsi behar dugun.
Zein da herri ukatu eta baztertuen irtenbidea supergizakiaren garaian? Hori da Galo Martinez de la Pera ‘Emearen bidea supergizakiaren aroan’ (Alberdania) saiakera liburuan erantzuten saiatzen den galdera. Idazleak kultura, hizkuntza, giza harremanak eta sinismenen sistema hankaz gora jarri ohi du bere testuetan, baina oraingoan pauso bat haratago eman du eta herrigintza eta feminismoa uztartu egin ditu.
Bere ustez, emearen bidea herri gutxituen biziraupen bidea da, jarraitu beharreko estrategia bat. Martinez de la Peraren ustez, estrategiak hiru etapa ditu eta bakoitzean askapen bat ematen da. Bizitzaren zirkuluan emea askatzen da; gogoaren zirkuluan, irudimen; eta komunitatearen zirkuluan, jaia.
«Erlijioa funtsezkoa da gizon eta emakumeentzat. Yuval Harari historialari israeldarrak Homo Sapiens garaian iraultza kognitibo bat egon zela dio, baina ez du argitzen zertan datzan. Garai hartan gertatu zena izan zen erlijioa asmatu zutela. Gizon eta emakumeak berezi egiten dituena erlijioa da. Harritzen dit erlijioaren kontrako gorrotoa, eta onartu behar dut kristautasunak eragindakoa izan dela. Kristautasunak boterearen zerbitzura jarri izan du erlijioa, eta horregatik sortu zen mesfidantza», esan du idazleak.
Kristautasunak eragindako kaltea
Bere ustez, kristautasuna oinarrian askatzailea eta iraultzailea da, baina prozetsu horren amaieran hiru totalitarismo agertzen dira: Nazismoa eta komunismoa (oraindik ere zantzuak gelditu arren, porrot egin zutenak) eta indarrean dagoen ultraliberalismoa. «Orain beste bat azaleratzen ari da, neofaszismo negazionista: Trump, Putin, Lepen, Vox... ez dute programa positibo bat, denari kontra egiten diote. Horiek amankomunean dutena da demokrazia eta mafiaren arteko negozioa, gerrak eta armada potente bat babesten dituztela. Herri gutxituek horien artean pasa eta bizirik mantendu behar dugu», adierazi du Martinez de la Perak.
Bide aproposetik ekiteko, idazlearen proposamena saikera hgonetan da jaia erlijiotsu bat sortzea. «Komunitate horretan sartzeko uniforme eta ideologia guztiak kanpoan utzi behar dira», aipatu du. Baina hori lortzea ez da hain erraza,sSorgin gurpil bat baita: «festa egiteko erlijioaren kontra dugun mesfidantza gainditu behar dugu, eta hori gainditzeko festa egin behar dugu. Agian bada garaia kristautasunak erlijioen gainean eragin digun mesfidantzari buruz ausnartzeko», uste du.