Lointek Gernika Bizkaiak Marta Alberdi harrobiko jokalaria beste urtebetez lotu du
Joan den denboraldian inoizko minutu gehien jokatu eta gero, hegaleko bizkaitarrak etxean jarraituko du hobetze bidean. IDK Euskotrenek, bere aldetik, 19 urteko Vanesa Jasa hegaleko letoniarra fitxatu du eta taldea itxitzat jo du datorren denboraldiari begira.
Endesa Saskibaloi Ligako euskal taldeak ari dira beren lantaldeak atontzen denboraldiaurreari begira. Hala, Lointek Gernika Bizkaiak Marta Alberdi harrobiko jokalariari beste urtebeterako kontratua luzatu dio, pasa den denboraldian erakutsi zuen hobekuntza berretsi dezan.
Nahiz eta batez beste sei minutu bakarrik jokatu, Gernikako hegalekoak askoz zeresan handiagoa izan zuen pasa den denboraldian, batez ere defentsa lanetan, covid-19ak eta lesioek talde bizkaitarreko kanpoko jokalarien multzoa nahikoa erasan baitzuten.
«Nik uste, nire jokoan salto bat eman dudala; bai jokoan egiten dudana eta baita taldea bat egiteko burutzen dudan lanean ere. Batik bat arlo fisikoan jauzi handi bat eman dut gorantz eta jokoan ere ikusi da minutu gehiago izan ditudala, Mariok [Lopezek] partidetan sartzeko aukera handiagoa eman dit, nigan konfiantza hartzen ari delako eta alde horretatik, oso oso pozik nago, gero eta gehiago ikasten ari naizela ikusten dudalako», adierazi zion berriko NAIZi eskaini zion elkarrizketan jokalari bizkaitarrak.
Ondorioz, Marta Alberdi lotu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak bost jokalari ditu dagoeneko 2022/2023 denboraldira begira: Marta Alberdi, Sandra Ygueravide, Itziar Ariztimuño, Roso Buch eta Gabija Meskonyte.
Vanesa Jasarekin, taldea itxita
Bestalde, IDK Euskotrenek 19 urteko –uztailaren 9an beteko ditu 19, egia esan– Vanesa Jasa hegaleko letoniarra fitxatu du. 1,78 metro neurtzen ditu eta bere gaztetasuna aintzat hartutas ere, badu nahikoa eskarmentu. Izan ere TTT Riga taldearekin Euroligan jokatzea zer den badaki eta Letoniako selekzio absolutuan jokatzea ere zer den badaki dagoeneko.
Euroligan batez beste 7,1 puntu, 3,4 errebote eta 1,4 asistentzia pilatu zituen Jasak. Letiniarraren azken fitxaketa honekin, Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak jokalari multzoa itxitzat joko luke, gipuzkoarrek beraiek aditzera ematen dutenez.
Hala, Yurena Diaz, Ane Esnal, María España, Marian Coulibaly, Kadri-Ann Lass, Ivana Raca, Cristina Soriano, Nicole Cardaño-Hillary, Natalia Rodriguez, Joy Brown eta Vanesa Jasa izango dira datorren urtean IDK Euskotren –Ibaeta Basket kluba, alegia– Emakumeen Ligan eta Eurocupean ordezkatuko duten jokalariak.