Lekuona eta Urionabarrenetxea busturiarren heriotzen bertsio ofizialak gezurtatu dituzte
Juan Luis Lekuona eta Manu Urionabarrenetxearen heriotzen ildotik Busturian ospatu den oroimen ekitaldian, Egiari Zor eta Katu eta Manu plataformek heriotzen inguruan Guardia Zibilak zabaldutako bertsio ofiziala gezurtatu eta sekretu ofizialen legea indargabetu dadin aldarrikatu dute.
Juan Luis Lekuona ‘Katu’ eta Manu Urionabarrenetxea busturiarrak Guardia Zibilak hil zituen orain dela 38 eta 33 urte, hurrenez hurren. Hori horrela, Egiari Zor eta Katu eta Manu elkarteek oroimen ekitaldi bateratua egin dute larunbat honetan, Busturiako plazan, beraien auzokideen heriotzak salatu, bertsio ofiziala gezurtatu eta sekretu ofizialen legea indargabetu dadin exijitzeko.
Mari Jose Martinezek, Katu eta Manu elkartetik, salatu du bertsio ofizialek ez dutela bat egiten gertaerak ikusi zituztenen lekukotasunekin. Izan ere, azken bi urteetan Katu eta Manu elkarteek bi busturiarren heriotzak gertutik bizi izan zituzten pertsonen testigantzak batu dituzte DVD batean, eta Guardia Zibilaren bertsioa guztiz gaitzetsi dute gezurrezkotzat jota.
Egiari Zorren izenean Pilar Garaialdek, Triple A-k hildako Pablo Garaialderen alabak, hitza hartu duenean, ondokoa aldarrikatu du: «Sekretu ofizilei buruzko legearen indargabetzea dagoeneko errealitate bat ez izatea, indarrean dagoen demokraziaren kalitate eskasaren eta kasu hauek zein beste asko argitzeko borondate ezaren beste froga bat da».
Era berean, Garaialderen aburuz, lege hau «egia jakiteko eskubidea murrizten digun lege mekanismo bat da» eta Estatu espainiarraren indarkeria jaso zuten pertsonen aitortzaren bidean legea «oztopo bat» da.
Horretaz gain, sekretu ofizialen legeak «inpunitatea iraunkortzeko» balio duela salatu du Egiari Zorren bozeramaileak. «Indarkeriak kategoritzatzea ahalbidetzen du gainera, bortxa jasan duten pertsonak jasandako biolentziaren jatorriaren arabera sailkatzea», deitoratu du. Horregatik, irmoki eskatu du espainiar Estatuko sekretu ofizialen legea bertan behera uzteko.
Itziar Madariagak, Lekuonaren lagunak, bi elkarteek antolatutako oroimen ariketa eskertu du. «Gertatu zenaren inguruan egiten ari den ikerketa lana eta errelato ofizialaren ikerketa oso garrantzitsua eta beharrezkoa da», adierazi du.
Oroimen ekitaldian, biktimen senide eta lagunak eta Roman Orbe ere egon dira. Hauei poema musikatuak, aurresku bat, Onintza Enbeita eta ‘Txiplas’-en bertsoak eta loreak eskaini dizkiete antolatzaileek.
Manu Urionabarrenetxea
Manu Urionabarrenetxearen kasuan, 1989ko irailaren 16an, Guardia Zibilak tiroz hil zuen Irungo autobideko ordainlekuan; Juan Oiarbide ere eraso berean hil zuten. Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibilak Urionabarrenetxea barruan zeraman kamioia geldiarazi zuenean barrutik «granada bat» jaurti omen zieten agenteei eta agenteen helburua, ustez, beraien burua «defendatzea» izan zen.
Alabaina, Martinezek sostengatu du ekintza horretatik bizirik atera ziren lekukoen bertsioa «oso bestelakoa» dela: «Guardia Zibilaren dispositibo handi bat ordainlekuan, bere inguruetan eta Irungo herrian bertan eratzen hasi zen. Balen aurkako txalekoak zeramatzaten hainbat agente posizioak hartzen ikusi ziren. Gaueko 22.00ak aldera, aurretik zaintzapean zeukaten kamioia iritsi, eta kamioilaria ordaintzen ari zenean, oihuak entzun ziren; ‘Guardia Civil, al suelo!’. Horrela, guztiak lurrera bota ziren eta kamioiaren gainera guardia zibil batzuk igo ziren kargaren kontra tirokatzen hasteko».
Martinezek gehitu duenez, berehala anbulantzia bat eta kazetariak iritsi ziren, baina «ez zieten hurbiltzen utzi». Kazetariei, gainera, «debekatu egin zieten edozein kabinatara joatea» gertatutakoaren berri eman ez zezaten.
Martinezek salatu du Guardia Zibilak operazio osoa bideoz grabatu zuela, baina Sekretu Ofizilen Legeak bideoa publikatu dadin galarazten duela. «Non dago material hori? Juan Luis eta Manoloren heriotzen ingurukoak ezagutzeko eskubidea dugu», kritikatu du.
Juan Luis Lekuona ‘Katu’
1984ko ekainaren 17an, Guardia Zibilak Agustin Arregi eta Juan Luis Lekuona busturiarra hil zituen Hernaniko pisu batean. Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibila etxera sartu zenean, gela batetik haiek tirokatzen hasi omen ziren.
Katu eta Manu elkarteak jasotako lekukotasunen arabera, Guardia Zibila indarrez sartu zen etxebizitzara eta etxean bizi zen bikotea atxilotu zuen. «Gizonari pistola bat jarri zioten buruan eta senar-emazteen hiru seme-alabetako nagusienari ere pistola buruan jarri zioten, mehatxupean, etxearen krokisa eta ustezko ezkutalekua marraztera behartzeko».
Jarraian, Martinezek salatu duenez, Arregi eta Lekuona «etxe barrutik eta kanpotik tirokatuak» izan ziren eta, segidan, etxearen aurrez-aurre kokatutako frankotiratzaileek «granada bat jaurti zuten Lekuona eta Arregi zeuden barrualdera izugarrizko leherketa sortuz. Suteak hilketen froga oro deuseztatu zituen».
Hurrengo egunean, beste busturiar bati, Roman Orberi, GALek eraso egin zion Miarritzen, motobonba baten bidez.