INFO

Osakidetzan 3.535 plaza betetzeko probak hasi dituzte Lehen Arretari buruzko eztabaida betean

3.535 plaza betetzea da Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoaren asmoa. Asteburu honetan egiten ari dira lehenbiziko azterketak. «Egonkortasun handiagoa eskaini nahi diegu langileei», adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, egunotan Lehen Arretari buruz esandakoekin hautsak harrotu ostean.

Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburua, LEParen azterketen hasieran, Gasteizen. (IREKIA)

EHUren Gasteizko Elurreta Ikasgelategian egiten ari dira asteburu honetan Osakidetzaren 2018 eta 2019ko Lan Eskaintza Publikoko azterketen lehen deialdia. 3.535 plaza eskaintzen dira, 19 kategoriatan banatuta, bi fasetan.

Asteburu honetan hasi dira lehendabiziko azterketak egiten, Lehen Arretari buruzko eztabaida gori-gori dagoen momentuan. Izan ere, Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak duela egun batzuk esan zuen zenbait kasutan erizainek medikuen lana egingo zutela, kontsulta batzuk itxiko dituztela eta paziente batzuek beste herri batera joan beharko zutela arreta jasotzeko. Ostiralean, esandakoak gezurtatu zituen Gasteizko Parlamentuan, bere hitzak grabatuta daude, ordea.

LEParen lehen etapan, 38.654 pertsonak parte hartuko dute 1.611 plaza betetzeko azterketetan. Hain zuzen ere, Lehen Mailako Arretarekin lotutako lanpostuak dira, hura «sendotzeko eta egonkortasun handiagoa emateko» helburua dutenak sailburuaren arabera. Familia Medikuntzarako 332 plaza eta Pediatriarako beste 51 esleitzeko probak izan dira lehenak, Sagarduik defendatu duenez horietara bideratu behar dituztelako lehenik eta behin indarrak.

Sailburua azterketen hasieran egon da eta LEP hau antolatzeko egindako ahalegina azpimarratu du. «Badakigu Osakidetzako onena bertako profesionalak direla. Haien egoera finkatu eta hobetu nahi dugu», esan du. Gainera, animoak bidali dizkie egunotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Osasun Zerbitzuan plaza bat lortzen saiatuko diren pertsona guztiei.

Asteburu honetako azterketek uztailaren 2an eta 3an izango dute segida, Barakaldoko BECen.

LEParen bigarren etapako probak, berriz, udazkenean izango dira.