INFO

Vilafrancako Castellersek giza gazteluekin girotu dute Donostia, Gure Eskuk gonbidatuta

Vilafrancako Castellersek giza gazteluen hainbat erakustaldi egin dituzte Donostian, Gure Eskuk sustatutako Pirinioetako Bidea dinamika bultzatzeko.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Vilafrancako Castellersek ikuskizun polita eskaini diete larunbat eguerdi honetan Donostiako Alderdi Eder, Plaza Berrira eta Katalunia Plazara hurbildu diren ikusleei. Erakustaldia Gure Eskuk gonbidatuta burutu dute, uztailaren 2rako antolatu duten Pirinioetako Bidea dinamika hauspotzeko xedez. Dinamika honek Pirinioetako 300 gailur argiztatuko ditu erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Hondarribitik Cap Creuseraino.

Castellersek eguerdiko 12.00etan ekin diote lanari Alderdi Ederren. 200 lagunek elkarlanean, giza gaztelu erraldoi bat osatu dute, eta jarraian, gauza bera egin dute Plaza Berrian eta Katalunia Plazan.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak bertan izan dira eta giza gazteluak prozesu subiranistaren metafora gisa erabili dituzte. Hau da, urrun iritsi nahi izanez gero, «oinarri zabal eta sendoa» behar dela nabarmendu dute.

Gure Eskuko Irati Elizaldek, bere aldetik, Castellersen «meritua» goraipatu du larunbat honetako beroarekin giza gazteluak osatzeko erakutsi duten gaitasunagatik. Gainera, katalanek «ikusmina» sortu dutela eta beraiei begira «jendetza» gelditu dela nabarmendu du.

Giza gazteluak egin ostean, Castellersak kale eta kantujiran lekualdatu dira plaza batetik bestera. Indar eta oreka erakustaldia bukatutakoan, indarra berreskuratzeko bazkari herrikoiarekin hasi dira 14.30ak aldera Katalunia Plazan.

«Katalan eta euskal herritarron arteko sarea josten gabiltza, izan ere, elkarlanean antolatuko dugun lehen mobilizazio handia izango da uztailaren 2koa», azaldu zuen Gure Eskuk Castellersen erakustaldia iragartzeko ohar batean.

Izan ere, Assemblea Nacional Catalana (ANC) eta Federacio d’Entitats Excursionistes de Catalunya-rekin (FECC) batera antolatuko dute Pirinioetako Bidea ekimena, Omnium eta Artistes per la Republicaren laguntzarekin.

«Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu. Mobilizazio ikusgarria izango da, esperientzia ahaztezina, gure oroimenean luze iraungo duen mugarria», azpimarratu zuten ekimenaren sustatzaileek.

430 kilometro baino gehiago argiztatuko dira tontorrak, 40 kilometrora ikusi ahal izango diren farola bereziekin. «Katalunian eta Euskal Herrian burujabetza osoa lortu nahi dugu, gure etorkizuna askatasunez erabaki eta errealitate bihurtu, eta gure ahotsa entzun dadila aldarrikatzen dugu. Demokrazia eta askatasun kontua da», adierazi zuten ekainaren hasieran egindako aurkezpen ekitaldian.

Antolatzaileek azpimarra berezia egin dute izen-ematean. Parte hartzeko asmoa duten herritarrei ahalik eta arinen izena-eman dezaten eskatu diete, antolakuntza lanak errazte aldera.