INFO

Herritarren %13,5 LGTBI+ pertsonen aurkako eraso fisikoen lekuko izan da, Ikuspegiren arabera

Ikuspegik argitaratu duen ikerketa baten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %13,5ek LGTBI+ pertsonen aurkako eraso fisikoak ikusi ditu eta %42,5ek komunitate horretako kideen aurkako irain eta isekak entzun ditu.

Ezkerretik eskumara: Julia Shershnerva, Ikuspegiko zuzendaria; Monika Hernando, Lakuako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria; Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Lia Gonzalez, Ikuspegiko ikertzailea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak, sexu eta genero aniztasunaren inguruko ‘Neurtu 2021. EAEko aniztasunari buruzko barometroa: sexu eta genero aniztasunarekiko pertzepzioak eta jarrerak’ txostena aurkeztu du astearte honetan Bilbon. Inkestak azalerazi duenez, Araba Bizkai eta Gipuzkoako inkestatuen %13,5ek aitortu du LGTBI+ pertsonen aurkako eraso fisikoren baten lekuko izan dela. Era berean, %42,5ek LGTBI+ komunitateko pertsonei zuzendutako irain eta isekak entzun ditu.

Ikerketako datuak komunikabideen aurrean aurkezterakoan, Julia Shershnevak, Ikuspegiko zuzendariak, azaldu du datuak «herritarren pertzepzioan» oinarrituta daudela eta, beraz, herritarrek atzematen duten diskriminazioa erakusten dutela soilik.

Hori horrela, Shershnevak adierazi duenez, herritarrek uste dute LGTBI+ komunitateak lan esparruan sufritzen duela diskriminazio gehien: «Nahiz eta LGTBI+ pertsonekin lan espazioa partekatzearen inguruko onarpen maila %95 ingurukoa izan, paradoxikoki, lan eremuan atzematen du EAEko gizarteak kolektiboaren aurkako bereizketarik handiena; inkesta bete duten pertsonen %48,6k uste du LGTBI+ pertsonek zailtasun erantsiak dituztela enplegua bilatzeko».

Zailtasun erantsietatik at, inkestatuen %72,4k baieztatu du lan esparruan LGTBI+ komunitateko kideek «ageriko diskriminazioa» jasaten dutela lanean. Era berean, sexu eta genero aniztasunagatik mobbing kasuak detektatu dituzte galdetutakoen %7,1ek.

Hezkuntzari dagokionez, barometroaren emaitzen arabera, %85tik gorakoa da eskoletan sexu eta genero aniztasuna ikasgai gisa sartzearekin ados daudela adierazi duten biztanleen ehunekoa; eta biztanleen %95,2 ados dago irakasleek sexu aniztasunean eta genero identitatean etengabeko prestakuntza izatearekin.

Bestetik, txostenak diskriminazio kasuak gehien atzematen dituzten pertsonen profilak zeintzuk diren identifikatu ditu: «Nabarmentzekoa da, oro har, emakumeek gizonek baino gehiago nabaritzen dutela LGTBI kolektiboarekiko diskriminazio handia edo nahiko handia dagoela, batez ere lan eremuan (%34,5 vs. %27). Alderdi horretan ere diskriminazioaren pertzepzio maila handienak dituztenak dira gazteenak, ikasketa handienak dituztenak, agnostiko/ateo deklaratuak, bertakoak eta ezkertiarrak».

Datu kontrajarriak eta desiragarritasun soziala

Herritarren erdia baino gehiago LGTBI+ komunitatearen aurkako diskriminazioaren lekukoa izan den arren (isekak, irainak, bazterketa, erasoak…), sexu eta genero aniztasunerantz zabaltzearen aldeko EAEko indizea 100etik 75,77 puntukoa da. Datu horrek gizartearen gehiengoa «irekia, inklusiboa eta tolerantea» dela erakusten duela ondorioztatu du Monika Hernandok, Lakuako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak. Alabaina, Lia Gonzalezek, Ikuspegiko ikerlariak, datuak oraindik «hobetze marjina» duela ebatzi du.

Era berean, lesbiana eta homosexualen ezkontza eskubidearen inguruko onarpen maila %92,6koa da inkestatuen artean. Orduan, nola da posible onarpen maila horrekin hainbeste diskriminazio egoera atzematea? Ikuspegiko zuzendariak esplikatu duenez, psikologia sozialean asko landu den afera bategatik: desiragarritasun soziala.

«Gizarte bat oso sentsibilizatuta dagoenean eta politikoki zuzen eta oker dagoena bereizteko betaurrekoak jarrita dituenean, batzuetan, inkestetan datu oso politak irteten dira, oso baikorrak. Hala ere, indarkeriaren errealitate gordinak existitzen jarraitzen du (...). Zer gertatzen da? Desiragarritasun soziala handitzen doala klase soziala eta ikasketa maila handitzen doan heinean. Beraz, inkesta mota hauetan honelako zeihartasunak egon ohi dira pertsonek ez dutelako benetan pentsatzen dutena erantzuten», azaldu du Shershnevak.

Bere adierazpenak berresteko, Shershnevak jakinarazi du pertsonei beraien tolerantzia maila pertsonala eta gizartearen tolerantzia maila bi galdera bereizitan galdetzen zaienean, alde nabaria dagoela bi erantzunen artean. Hau da, norberaren tolerantzia maila pertsonala 1etik 10era puntuatzeko eskatzen dutenean, gizarteko tolerantzia maila baino 2,5 puntu gorago kokatzen dute inkestatuek. «Batzuetan, gizarteak x ideia dituela esaten duzunean, zuk pentsatzen duzuna gizarteak pentsatzen duenera eramaten duzu», adierazi du Ikuspegiko zuzendariak.

LGTBI+ lege integrala

Astelehen honetan, euskal LGTBI+ Behatokiak EAErako LGTBI+ lege integral baten falta aldarrikatu izanaren harira, Hernandok EAEn jada Trans Lege bat dagoela erantzun du: «Euskadin trans pertsonen eskubideen lege bat existitzen da 2012tik. Euskadi trans kolektiboaren eskubideen aldeko legeetan aitzindaria izan da, ez LGTBI+ kolektiboarenean. Lege hori 2019an erreformatu zen eta genero autodeterminazioa barnebildu zuen».

Hernandok gehitu du Legebiltzarra Trans Lege honen moldaketa batean lanean dabilela, «eskubideak handitzeko». Bestetik, Lakuaren plan normatiboa izan du mintzagai: «Gure plan normatiboan tratu berdintasun eta ez diskriminazioko lege integral bat prestatzeko konpromisoa dago».