INFO

Ziburuko Herriko Etxeak haurren zaintza bermatzeko laguntza berria jarri du martxan

CCAS Gizarte Zerbitzuetako egiturarekin elkarlanean 0-3 urte arteko adin duten haurren zaintza bermatzeko zailtasunak dituzten familiak sostengatzeko laguntza egitasmo berria martxan eman du Ziburuko Herriko Etxeak.

Eneko Aldana-Douat Ziburuko auzapezak lguntza egitasmo berria aurkezteko agerraldian parte hartu zuen. (Guillaume FAUVEAU)

CCSA Gizarte Zerbitzuetako egituraren azkeneko biltzar nagusian harturiko erabakiari jarraituz herriko udal haurtzaindegian plazarik atzematen ez duten gurasoei zuzendutako laguntza plantan emanen du Ziburuko Herriko Etxeak irailetik goiti.

Marie Fleuret udal haurtzaindegian 25 haurrei harrera bermatzen zaie Lapurdiko kostako herrian. Izan ere, Herriko Etxeak eta CCAS egiturak dituzten datuen arabera gurasoek lan egiten dutelako zerbitzu horren beharra luketen bertze 23 bat familia  «beti bezain zerbitzu ona ematen badute ere kostu handiagoa duten zaintza mota alternatiboak xerkatzera beharturik daude», Eneko Aldana-Douat auzapezak azaldu duenez.

Sarritan haurren zaintzaren kostu handiak lanera itzultzeko planak oztopatzen du. Egoerak bereziki «emazteak hunkitzen dituela» aitortu du Marion Dupratek.

Zentzu horretan, guraso berriei zuzendutako laguntza berri horrekin udalak «haurren beharrak hobestearekin batera berdintasunaren aldeko urratsa egin nahi duela» nabarmendu du haur gazteen aldeko alorreko herri kontseilariak.

0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten guraso langileek hainbat baldintza bete behar dituzte urtero 720 euroraino heldu daitekeen diru-ekarpena eskuratzeko.

Lehenik eta behin haurtzaindegian izena emateko desmartxa behar dute bete. Behin hori egina haurren aldeko zerbitzuek beraien familiaren egoera zehatz-mehatz aztertu eta zaintza egokiena bilatze aldera laguntza eskainiko diete gurasoei.

Diru-laguntza eskatu behar da

Familia bakoitzaren diru-sarrerak aintzat hartuko dituzte gurasoek preseski eskatu behar duten laguntza emateari begira.

Edonola ere diru-sarrera apalak dituzten gurasoak soilik ez, herriko haurtzaindegian tokia atzeman ez gero beraien haurraren zaintza «tarifa egokietan» bermatu ahalko luketen «gainerako familiak ere» nahi dituztela babestu azaldu du auzapezak, hain zuzen ohiko laguntza sistematik at gelditzen diren klase ertaineko errentadunei ere sostengu ematea baita helburua.

Finean laguntza berri honen bidez zaintza kolektiboa bermatua duten familien eta haurtzaindegian tokirik ez dutelako zaintza mota garestiago aukeratzera behartuta dauden gurasoen egoera ahal den eta gehien parekatzea litzateke egitasmo berri horren xedea.

CCSA eta udal ordezkariek laguntza dispositibo berria aurkezteko eginiko agerraldian beste helburua finkatu du Sabrina Berrouetek gizarte alorreko arduradunak.

Hain zuzen herrian lan egiten duten haurtzainei -dozena erdi bat emazte inguru lan egiten dute egun Ziburun autonomo gisa haur tipiak zaintzen- dispositibo horren bidez erreferentzia berria eskaini nahi dietela azaldu du Berrouetek.

Haurtzainen ogibidea balioestea

«Emazteek betetzen duten lanari eta urteren poderioz prestigioa galduz joan den ogibideari babesa nahi genieke eskaini» gehitu du Leire Larrasa auzapez-ordeak.

Inflazioaren gorakadak herritar askorentzat erosteko ahalmenaren apaltzea ekarri duen testuinguruan laguntza berria eman du plantan Ziburuko Herriko Etxeak, beti ere haurrak dituzten familiak politika publikoaren erdigunean jarriz.

Izan ere, udalak «ahalmen urriak dituela» aldez aurretiaz aitorturik, ondoko hilabetetan ildo beretik doazen egitasmoak abian emateko nahikeria aurreratu du Ziburuko auzapezak.