INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Alarde feminista eta bakarra aldarrikatuz itzuli dira Irungo San Martzial jaiak

‘Alardean, emakumeak’ oihua ozen aditu da Irungo karriketan. Duela 26 urte San Martzial jaiak parekideak izan daitezen lanean hasi ziren emakumeak eskertuz, borrokan segitzen dutela erakutsi du alarde publiko eta feministak. Jendetza izan du animatzen, baina oraingoan ere ez du babestu alkateak.


Berezia izan da San Martzial jaietako alarde hau, bi urteko etenaldiaren ondotik bueltatu delako eta baita oroitzen duen gudatik 500 urte igaro direlako ere. Berezia izan da eta, tamalez, ohikoa ere bai, bitan banatuta ospatu baita: alarde baztertzailea alde batetik, zeinetan emakumeak kantinera soilik izan daitezkeen, eta parekidea bestetik, non emakumeen partaidetzak ez duen inolako baldintzarik.

Herritarrek historikoki gai honekiko izan dituzten eztabaidak hiriko udalbatzan ere islatzen dira: PSEk eta EAJk alarde baztertzailea babesten dute; EH Bilduk eta Podemosek, berriz, parekidea. 2020tik koalizioan agintzen dute Irunen PSEk eta Podemosek eta alderdi moreko Miren Echeveste da gaur egun Berdintasun zinegotzia. Hain da polemikoa gaia, alardearen inguruko iritzi bateratua gobernu akordiotik kanpo utzi zutela. «Berdintasuna ezin da 15 egunez albo batera utzi, egunero defendatzen da», azpimarratu zuen berriki NAIZ Irratian Echevestek.

Erakundeen babesean aurrerapen gutxi

Irundarren egun handian, Udaleko Berdintasun ordezkariak bandera eman dio alarde parekideari, Udal Gobernuaren ordezkari gisa, historian lehenengo aldiz. Jose Antonio Santano alkateak, ordea, alarde publikoa txalotu beharrean alarde baztertzailea babestu du beste behin irundar guztien udaletxeko balkoitik. Gero, alarde parekideak bidea hasi aurretik alde egin du. 

«Nahiz eta PP ez beste alderdi politiko guztietako ordezkariak egon diren harreran, Santano bertan ez izatea deitoratzen dugu, aurten alkateak aukera paregabea baitzuen jaietan berdintasunaren arloan aurrerapausoa emateko», adierazi du Echevestek.

Erakundeen babesean ez da apenas aurrerapenik izan, hortaz. Azken urteetan bezala, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arartekoa izan dituzte lagun, besteak beste.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak «tradizioak garai berrietara eta parekidetasunera egokitzen ari diren» herriei begiratu die, besteak beste Lekeitiori. Bertan, emakume bat izan zen lehenengoz San Pedro jaietako Kaxarrankako protagonista.

Denis Itxaso Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkaria ere izan da Irungo alarde parekidea animatzen. Entzuten jakin behar dela defendatu du, eta berdintasunaren eskaerari erantzun behar zaiola ere bai. «Hori ez doa inongo tradizioren kontra, ezta jaietako elkarbizitzaren kontra ere», nabarmendu du.

Harro eta eskertuta

Desfilearen partaideak hagitz harro agertu dira, 1996an parekidetasunaren aldeko borroka honi ekin zioten lehen emakumeak gogoan, esker onez eta orduan hasitako bide horri segida emanez.

‘Milesker bidea ireki zenigutenoi, alarde feminista eta bakarra’ aldarrikapena daraman pankarta zabaldu dute Urdanibia-Mosku plazan. Bertan bildu dira goizeko hamarrak aldera auzoetako konpainiakoak, eguraldia gris baina giroa alai. Abiatu aurretik, Txema Egiguren omendu dute. Joan den urtean hil zen, eta alardean emakumeek parte hartzeko egindako lana eskertu diote parekidetasunean oinarrituta dagoen alardeko kideek, ‘Irungo Hitza’-k azaldu duenez.
 
Emozioz betetako isiltasun baten ondotik ekin diote ibilbideari, jende ugariren animo eta txalo artean.

Hatxeroek zabaldu dute desfilea. Jarraian, danborrada, musika banda, zalditeria eta artilleria. ‘Alardean emakumeak’ oihua ederki zabaldu dute Irungo kaleetan barna.

San Martzial kaletik, San Juan plazara sartu dira eta eserialdia egin dute udaletxe aurrean. Maite Bergara Iraeta jenerala iritsi da, eta mezu indartsu eta hunkiduraz betetako bat eman die kapitainei: ‘Gora alarde parekidea!’.