INFO

Boric, Berlin, Kopenhage... Erronka estrategikoa ate-joka

Zer zerikusi du Berlingo etxebizitzen desjabetzea bultzatzen duen mugimendu batek Gabriel Boric txiletarraren kanpainarekin edo Kopenhageko hauteskundeekin? Europar Parlamentuko Ezkerreko Taldeak antolatutako solasaldiaren helburua estrategiak partekatzea izan zen, «edonon» funtziona dezaketenak.

Tres Reyes hoteleko aretoan antolatu zituzten jardunaldiak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Txilek aro politiko berria bizi du, Gabriel Boric buru duen aldaketa, bai formari bai mamiari dagokionez. La Monedara eraman zuen estrategiaren xehetasunak azaldu zituen atzo, Iruñean, Yehonatan Abelsonek, haren kanpainaren kideak. Lekukoa Wouter Bernhardtek hartu zion gero, Berlingo etxebizitzak desjabetzearen aldeko kanpainako Komunikazio arduradunak, eta ondoren, Boel Tanzerrek, Kopenhageko hauteskundeetan Enhedslisten-en kanpainan parte hartu zuen gazteak. Garaipenera iristeko bide desberdinak marraztu zituzten hirurek, tokiko estrategietatik hasi baina ezker guztietara zabal daitezkeenak.

Europar Parlamentuko Ezkerreko Taldea egunotan Iruñean egiten ari den jardunaldiotan, Abelsonek Boric-en kanpainako ezinbesteko gakoak eman zituen atzoko solasaldian. Lehenengoa, estrategia bateratu bat diseinatzea Boric buru duen koalizioa, Apruebo Digindad, osatzen duten alderdi guztien artean, eta hori bideratzen joatea, biztanleriaren zein segmentu erakar zezaketen adierazten zuten datuen arabera.

Boric-ek berak Txilen konstituzio berri baten promesarekin amaitu ziren protestetan parte hartu zuen, eta, horregatik, aldaketaren berme gisa kokatzea izan zen beste helburuetako bat, horrela «ezker-eskuin ardatzetik aldenduz eta agenda markatuz», Abelsonen esanetan. «Ez genuen Gabrieli buruzko kanpaina bat diseinatu. Jendeari eman genion protagonismoa; herritarrek bidaltzen zizkiguten meme eta kartelei zabalkundea ematen genien».

Askatasuna, segurtasuna eta bandera bera dira eskuinak ustiatzen dituen kontzeptu eta sinbolo nagusiak baina, Abelsonen arabera, ez zaizkie oparitu behar. «Gainera, aurkaria definitu behar da. Kast ultraeskuindarra elitearen hautagaia zen, emakumeak, LGTBI kolektiboa... diskriminatuko zituena, eta hori salatu behar genuen. Aitzitik, Boricek bermatu behar zuen nor maite duzun erabakitzeko askatasuna edo emakumeek, etxera itzultzean, kalean seguru ibiltzeko askatasuna», esan zuen.

Kopenhage

2021eko azaroan, Enhedslisten De Røde-Grønne antikapitalista eta ekologisten alderdiak emaitza historikoa lortu zuen Kopenhagen, sozialdemokrazia lehen indar gisa gaindituz, 112 urtean lehen aldiz. Boel Tanzerrek, kanpainan aktiboki parte hartu zuen 23 urteko gazteak, komunikazio politikoan jarri zuen arreta garaipena azaltzen saiatzeko. «Gure kartelak positiboak ziren; helburua ez zen nahi ez genuena azpimarratzea, baizik eta zer nahi genuen eta nola egingo genuen», adierazi zuen.

Politikarien kanpainatik jendearen kanpainara igarotzea izan zen gakoetako bat. Etxeetan kartelak itsastera animatu zuten, eta, atez ate, milaka etxetik pasatu ziren herritarrak «pizza gauetara» gonbidatzeko. Horietan herritarrek pizza afaltzen zuten beren alderdiko hautagaiekin eztabaidatzen zuten bitartean.

Berlin

Alemaniako 2021eko gertaera esanguratsuenetako bat Berlinen egindako tokiko erreferenduma izan zen. Bertan, herritarrek gogor babestu zuten enpresa jabe handien etxebizitzak desjabetzeko ekimena. Milioi bat berlindarrek baino gehiagok 3.000 apartamentu edo gehiago dituzten enpresak desjabetzearen alde bozkatu zuten. 240.000 jabetza dira guztira, Bernhard kanpainako komunikazio arduradunak atzo adierazi zuenez.

«Errepide bat eraikitzen den bakoitzean desjabetzeak izaten dira. Guk tresna hau erabili dugu eta erradikaltzat jotzen gaituzte», laburbildu zuen. Desjabetzeari buruzko erreferendumerako kanpainaren benetako trebetasuna bere argudioak aurkezteko Konstituzioa erabiltzea izan zen. Gardentasunaren aldeko kanpainak ere zerikusia izan omen zuen eta mezu animatuak zabaltzeak. Horregatik, ‘Berlinek gure etxea izaten jarraituko du’ eslogana erabili zuten.

Hala ere, erreferenduma ez da loteslea, eta, beraz, orain hiriko SPDko gobernuari dagokio aurrera nola egin erabakitzea. Franziska Giffey alkatearen ezezkoarekin egin dute topo, eta, beraz, Bernhardek oraindik bidea egiteko dagoela adierazi zuen.