INFO

Bretainia eta Euskal Herria Zuzenean, eskuz esku asteburuan Irisarrin

Ostiralean abiatu eta igandera arte luzatuko den EHZ festibalaren  26. edizio honetan, ohi bezala, gustu guztietarako musika, hitzaldiak, tailerrak, antzerki emanaldiak eta animazio saioak izanen dira. Aurtengo berezitasuna, Bretainiatik etorritako 18 laguntzaile.

Bretañatik etorritako lagunak, festibala hasi aurretik. (EHZ)

Bretainiako eta Euskal Herriko hizkuntzen eta kulturen alde ari diren bi festibalari talde elkartu dira aurten EHZn. Bi herrien arteko antzekotasunetatik abiatuta elkarrengandik ikas daitekeena baliatuz eta ezberdintasunen ezagutzak ekartzen duen aberastasunetik ikasiz ari dira aurten. Lehen aldiz, laguntzaile bretoiak ari dira lanean.

Euskal Herria Zuzenean festibalaren antolatzaile Irati Fernandezek eta Bretainiako Gouel Broadel ar Brezhoneg (GBB) festibaleko kide Anais Scornetek bat egin dute: «Harreman polita sortu dugu. Trukaketa interesgarria da. Gure festibalek badituzte antzekotasun anitz, baita desberdintasun batzuk ere. Beraz, interesgarria da ikustea nola lan egiten duten, zeintzuk diren beraien baloreak, beraien zailtasunak, eta gureak».

EHZko gazteak maiatzean bretoi hizkuntzaren alde egiten den Ar Redadeg lasterketan parte hartzera joan ziren. “Bretoien Korrika” bezala definitu daitekeena elkar ezagutzarako une «garrantzitsua eta ederra» izan zen. Bertan bretoieraren egoera ezagutu zuten, hitz batzuk ikasi zituzten, eta haien kulturarekiko interesak «irekiera bat» ekarri ziela nabarmendu du euskaldunak.

Bretoiak ere bat egin du horrekin: «Harremana interesgarria da inspirazioa sustatzeko. Hizkuntza bera defendatzen ez dugun arren, arazo berak dauzkagu, eta ideia beren kontra aritu behar dugu: gure hizkuntzak ez direla baliozkoak gutxi mintzatzen direlako, eta horrelako zozokeriak». Laguntzaile bretoiek festibalari beren «kolore ezberdina» ekarriko dutela baieztatu du Fernandezek. Hori bereziki bi ekimenen bitartez izanen da: lehenik, bretoieraz kantatzen duen Madelyn Ann taldeak larunbatean eskainiko duen kontzertua (GBB festibalak antolatu tremplinean irabazle izan zirenak).

Beste zentzu batean ere izateko asmoa duela ziurtatu du bretoiak: «Euskaraz ari diren taldeak ezagutzeko parada da, gero gure festibalera eramateko; heldu den urtean talde bat programatu nahi genuke. Nahiz eta gurea hizkuntza bretoiaren jaialdia izan, nahi ditugu beste hizkuntza gutxituetan ari diren taldeak ezagutarazi».

Bigarrenik, bretoieraren oinarrizko ezagutza batzuk ikasteko parada eskainiko dute, asteburuan plazan ordu laurdeneko “tailertxoak” eskainiko baitituzte. Eta beraiek festa garaian euskaraz komunikatu ahal izateko zenbait hitz ikasiko dituzte. Zeintzuk diren galdetuta, Scornetek azentu ederrarekin eta irriz erran du: «‘Egun on’, ‘mila esker’, ‘baso bat garagarno otoi’, ‘talo bat’... festa denboran gosez ez hiltzeko bezainbeste. Lexikoa nire sakelan gordea dut, eta tarteka irakurtzen dut».

Aldi berean euskararen lurraldeak duen berezitasuna oso nabarmen egin zaio: «Bretoiera hitz egiten dugun pertsona guztiok frantsesa ere badakigu, baina euskaraz hitz egiten duten pertsona guztiek ez dakite frantsesa, eta hori bikaina da hizkuntza amankomun bakarra dutelako komunikatzeko».

«Harreman polita sortu dugu. Trukaketa interesgarria da. Gure festibalek badituzte antzekotasun anitz, baita desberdintasun batzuk ere»

Laguntzaile lanetan ere ariko dira, «pertsona gisa eta ez bretoi gisa gure laguntza ekartzeko»: beirazko ontziak sar ezin daitezkeen guneetan plastikozko edalontziak banatuz, eta segurtasuna bermatuz ibiliko dira.

Pandemia garaian abiatu ziren bi herrietako gazteen arteko harremanak. 2019an bretoiek euskal gazteak kontaktatu zituzten, bi festibalen artean harremana sortzeko asmoz, eta Scornetek pozik adierazi duenez, berehala erantzun zieten, haien interesaren adierazle. Fernandezek baieztatu duen bezala, EHZko gazteek ez zuten jaialdi hori ezagutzen, baina haiekin harremanetan jarri ziren momentutik elkarlanerako gogoa piztu zitzaien.

Cardiffen aurretik

Bretoiek lehenagotik Cardiffen egiten den gales hizkuntzaren festibaleko kideekin bazuten harremana, eta haien sarea hedatzeko gogoarekin kontaktuan jarri ziren EHZko gazteekin: «Bi urtero saiatzen gara beste eskualde batzuetako festibalekin harremanetan jartzen aberasgarria delako, eta elkar laguntza sarea osatzen ahal delako». Irati Fernandezek horren bitartez sor daitekeen sare txikiaren aukerarekin pozik agertu da, eta biak harremanarekin jarraitzeko prest agertu dira.  

Bi urtez ezin izan zuten jaialdia egin, eta 2021ean bi jaialdien datek bat egin zutenez, ezin izan zuten une hori partekatu, baina Bretainiakoa bi urtero egiten denez, aurten Euskal Herrira hurbildu ahal izan dira, nahiz eta elkarlaguntza lehenagotik abiatu den; adibidez, legeria anitzetan aldatzen denez, informazioa partekatuz.

Lehen aurrez-aurrekoa EHZko hamaika lagun Ar Redadegera joan zirenean izan zen, eta emozio handia izan zela nabarmendu dute biek, azkenean elkar ikusi ahal izateagatik, eta ez pantaila baten bitartez.

Oiartzundik antolatutako autobus batean joan ziren gazteak, Gipuzkoako herria Bretainiako Carheixekin senidetua baita, eta Euskal Herri osoko AEK-ko kideak ere lagun izan zituzten.  

Bertara heldutakoan erosi zuten kilometroan korrika egin zuten, eta bukaerako jaian ere parte hartu zuten euskal kultura eta euskara ezagutzera emanez. Bretainia ezagutu zuten lagun berrien eskutik, eta gauero festa batera eraman zituztela baieztatu du bretoiak irriz. Bretoien Korrikaren bukaera festan gune bat atxiki zuten EHZ festibala eta euskara ezagutarazteko eta elkarlana sustatzeko.

Bretoiera ikastaro txiki batean ere parte hartu zuten, bertako hizkuntzan mintzatzen ez diren bretoiekin batera. «Oso serio aritu ziren lanean: notak hartzen zituzten, hitzak nola erran behar ziren...» azaldu du Scornetek irribarretsu.