Nor da Hortense Limouzin, 3x3ko Saskibaloiko Munduko txapelduna?
Parisen jaio eta Urketan hazi zen saskibaloi jokalari lapurtarra, baina 13-14 urte zituenez geroztik, Angelura eta hango saskibaloi klubetik Frantzia osoa zeharkatu du taldez talde. Uztailaren 1 honetan bete ditu 24 urte, urrezko domina kolkoan urtebetetze opari duela.
Ez da egunero Munduko txapeldun batekin hitzegiteko zorterik izaten. Are gutxiago Euskal Herrian sortu eta hazitako Munduko txapeldun batekin. Tira, sortua ez. «Parisen jaio nintzen, baina Euskal Herrira bi urte nituela etorri nintzen» dio Hortense Limouzin saskibaloi jokalari lapurtarrak, joan den asteburuan Saskibaloiko 3x3 modalitateko Munduko Txapelketan urrezko domina irabazleak.
«Aste hau zoratzekoa izan da», dio Hortense Limouzinek, lotsati eta pozarren, telefonoaren beste aldean. Zorioneko dago, izan ere, jokalari lapurtarra, Urketan hazi eta Angelun bere saskibaloi bizitza egin duen jokalaria; zorioneko dago uztailaren 1ean 24 urte ere bete dituelako Landerneau Bretagne Basket taldeko antolatzaile bizia. «Mundu guztia zorionak ematen ari zait eta apur bat erotzekoa da hau, halako arrakastarik lortzeko gai izango nintzenik ez nuelako inoiz ere espero», gaineratzen du.
Kanadako selekzioaren aurka 16-13 irabazi zuen Frantziako selekzioak Amberesen –Belgikan– jokaturiko finalean. Lapurtarraren saskiratze pare bati esker 6-2 aurreratu ziren frantziarrak, baina azken minutuetan Kanadako selekzioak atzean askoz gehiago sakatu zuen eta frantziarren urduritasunak asko hurbilarazo zituen amerikarrak. Markagailua 14-12 zela, ia erortzen ari zela sekulako saskiratzea erdietsi zuen antolatzaile euskaldunak, eta hala, Kanada astirik gabe geratu zen markagailuari buelta eman ahal izateko.
«Oro har pertsona lasaia naizela uste dut. Gainera, saskibaloiko antolatzaile batek lasaitasuna transmititu behar die bere taldekideei, baina finaleko azken minutu horietan nire bizitza osoan baino urduriago egon naiz. Ez zen sekula bukatzen partida! Kanada gainera zetorkigun! Oso talde fisikoa dute eta oso nekatuta geunden gu! Zorionez, azken segunduetara 15-13 hurbildu baziren ere, jaurtiketa libre bati esker garaipena bermatu genuen eta urrezko domina kolkoratu! Oso gau laburra bizi izan genuen Amberesen», dio, barrez. «Oso gau laburra, lotarako, noski», azaltzen du, barreak handituz.
Domina gehiago
Zaila da Frantziako saskibaloi selekzioan leku bat egitea, ederki daki hori Hortense Limouzinek. Antolatzailea izanda, Gaby Williams edo Marine Johannes lako jokalari bikainak –Euroligan eta baita WNBAn lekua duten jokalariak, alegia– aurretik izango ditu jokalari lapurtarrak. Alabaina, Urketako jokalariak badaki domina gehiago irabaztea zer den, are gehiago 3x3ko saskibaloiko modalitatea indarra hartzen ari den honetan.
18 urtez azpiko Europako txapeldun atera zen, 2016ko udan Hungariako Sopron hirian, finalean Espaniako selekzioari 74-44 irabazi ostean. Espainiako selekzioaren kamisetarekin, bide batez, beste hiru euskaldun zeuden: Sara Iparragirre eta Maria Eraunzetamurgil hegaleko donostiarrak eta Irati Etxarri hegal-pibot iruindarra.
Oro har, gazte mailetan Frantizako selekzioarekin lekua ia beti izan du Limouzinek, eta hala, 2017an Udinen jokatu zen 19 urtez azpiko Munduko Txapelketa jokatu ahal izan zuen. Orduko hartan, hala ere, bosgarren lekua baino ez zuen eskuratu Urketakoaren taldeak.
Bestalde, dimentsio berri bat ireki dio 3x3ko saskibaloiak jokalari lapurtarrari. «oso jokatzeko modu bizia esijitzen du. Ni neu azkarra eta bizia naizelakoan nago. Oso nekagarria da, bestalde –dio, irribarretsu–, ez baitago 24 segundutan saski batetik besterako trantsiziorik. Saskipetik ateratzen duzu eta hiruko jaurtiketaren marra gaindituta hasten da aurkaria saskira begira. Jokatzeko moduan oso azkarra eta itogarria da, baina nire izaeragatik –1,65 metro eta gorpuzkera meharra–, ongi datorkit. Gero, lasai jokatzea ere derrigorrezkoa da, erabaki onak hartzeko», azaltzen du.
Saskibaloiak egin du pertsona heldu Hortense Limouzin, eta Frantziako saskibaloia nola ulertuta dagoen aintzat hartuta, saskibaloi eskolak nonahi baitaude, oso goiz alde egin behar izan zuen etxetik orain Bretainan jokatzera iritsi arte.
«Gazte izanda etxetik irtetea ez da erraza, sakrifizio asko egin behar dira. Baina gaur egun nire pasioaz bizi naiteke eta ikaragarria da. Gainera, nire herrialdea zein polita den konturatzeko balio dit eta gehiago baloratzen dut bertan bizitako momentuak», adierazi zion France Bleu Pays Basqueri elkarrizketa baten.
18 urte baino ez zituen Angelu utzi eta Basket Landes taldean, Mont de Marsanen jokatzera joan zenean. Han Frantziako Liga ez ezik, Emakumeen Eurocupa ezagutu zuen. «Nazioartean jokatzea oso gustuko dut, beste ezer baino gehiago, jokatzeko modu ezberdinak ezagutzen dituzulako Horrela. Modu horretan badakit Frantzian oso saskibaloi fisikoa egiten dugula, edo Espainiako Emakumeen Ligan, oso azkarra. Aldiz, Turkian askoz mantsoago jokatzen dute. Horietatik guztietatik asko ikasi dut», gogoratzen du.
Bere ibilia Landetatik oso apartera joan zen 2018an, ordea: Belgikako mugan dagoen Saint Amand les-Eaux herrira, Union Saint-Amand, Porte du Hainaut taldera, hain zuzen. Bi urte eman zituen han, hasierako bostekoan lekua egiten eta Bretainiako kostako Landerneau Bretagne Basket taldearen atentzioa piztuaz 2020/21 denboralditik aurrera.
Ez da batere urte erraza izan Hortesen eta bere taldekideetzat, gorengo mailatik jaisteko puntuan izan baitira, nahiz eta mailari eusteko ligazkan Saint-Amand talde ohia, Tarbes eta Charnayri nagusi izan zaien. «Ez da aitzakiak bilatzeko garaia, baina lesiokin sekulako arazoak izan ditugu urte osoan zehar. Hargatik, ez dugu denboraldi osoan gure jokorik egin ahal izan. Zorionez maila libratu dugu eta zorte apur batekin, akaso datorren denboraldiko Emakumeen Eurocupean elkar ikusiko dugu», esanda agurtzen da.
Euskal Herria inoiz zapaltzen al du jokalari lapurtarrak? «Ez nahi beste bider, baina uztailean etxean izango naiz egun batzuetan. 13-14 urte nituenetik etxea laga behar izan nuen, eta horrek arin heldu behar izatera eraman nau. Baina Biarritz, Angelu, Urketan... nagoenean ikaragarri gozatzen dut etxean egon ahal izatea, familia eta txikitako lagunekin».
Horra da Hortense Limouzin, orain arte euskal kirolak ezagutu duen azken Munduko txapelduna.