INFO

Udarako Donostiara bidali dituzten udaltzainen «%90 erdaldun elebakarrak» direla salatu dute

LABek salatu duenez, udako ordezkapenak egiteko Arkautetik Donostiara bidali dituzten udaltzainen «%90 erdaldun elebakarrak» dira eta, hortaz, «ez dute hizkuntza eskakizuna betetzen». Sindikatuaren proposamena Udalak bere deialdi propioa egitea da.

Artxiboko irudia: udaltzain bat Ondarretako hondartzan, atzean, hildako balea bat. (Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS)

LAB sindikatuak ostiral honetan salatu duenez, uda honetako ordezkapenak egiteko Arkautetik Donostiara bidali dituzten udaltzain «ia guztiak» erdaldun elebakarrak dira: «Donostiako Udalak onartu berri duen Arkauteko akademiatik bidalitako udako udaltzain berrien zerrendan, 60 bat udaltzain berrien artean, %90ak ez daki euskaraz eta, beraz, ez dute dagokien hizkuntza eskakizuna betetzen».

Hori horrela, udaltzain berri hauek herritarren «hizkuntza hautua errespetatzeko gai» ez direla ondorioztatuta, LABek udako kontratazio hau bertan behera uzteko eta bere kontratazio propioa egiteko eskatu dio Donostiako Udalari, «udan lan egingo luketen udaltzain euskaldunen lan poltsa osatuz».

Sindikatuak gogorarazi du ez dela «arazo berria», Arkautetik bidalitako udako udaltzainen artean «beti izaten baitira euskara ez dakitenak». Hala ere, azken hiru urteetan egoerak okerrera egin duela ohartarazi du LABek: «Hasieran salbuespena zena egun gehiengo handia bihurtu da. Gauzak horrela, Donostian herritarren hizkuntza eskubideak etengabe bortxatuko dira uda honetan, euskaraz egin nahi duten herritarren hitzak ulertzeko gai ez diren eta euskaraz erantzuteko inolako ezagutzarik ez duten udaltzainez beteko baita hiria».

Testuinguru honetan, batetik, LABek Arkautetik bidalitako zerrendak ez dituela «inondik inora» kontratazio hori bideratzeko baldintzak betetzen salatu du eta, bestetik, Donostiako Udal Gobernuari Arkauteren eskaintza onartu izana leporatu dio. «Udalak berak finkaturiko baldintzak hankaz gora bota ditu Udalak, segurtasunari lehentasuna eman behar dio aitzakia erabiliz», kritikatu du. Bukatzeko, sindikatuak gehitu du egun asko direla Euskal Herrian «Arkautetik pasa gabe» jokatzen duten udalak eta «borondate politikoaren kontua» dela.