INFO

Pertsona bat hil eta beste bi larri zauritu dira A-63 autobidean, Biarritzeko ordainlekuan

Familia bereko bost lagunek istripu larria izan zuten igande arratsaldean A-63 autobidean, Biarritzeko ordainlekuan. Gidaria, 28 urteko gizonezkoa, hil egin zen eta haren ama eta emaztea larri zauritu.


Istripu larria gertatu zen igande arratsaldean A-63 autobidean, Biarritzeko ordainlekuan. Ezbeharra 19.40 aldera izan zen, auto batek peajeko hormigoizko pareta baten kontra jo zuenean. Ibilgailuan familia bereko bost kide zihoazen; gidaria, 28 urteko gizonezkoa, hil egin zen han bertan. Haren ama, 64 urtekoa eta bere alboan eserita zihoana, zauri larriekin eraman zuten Baionako ospitalera.

Autoaren atzealdean gidariaren emaztea eta bi seme-alabak zihoazen. Emaztea larri eraman zuten erietxera, baina haren bizia ez dago arriskuan, ‘Sud-Ouest’ egunkariaren arabera. Bi haurrak, 2 eta 5 urtekoak, Baionako ospitalera eraman zituzten ere bai, zauri arinekin.

Jendarmeek ikerketa ireki dute istripuaren zergatiak argitzeko.