INFO

Valverderen Athletic hasi da lanean, Caparen hutsunearekin eta ikusmin handia sortuz

Athleticen denboraldi-aurrea astelehen honetan hasi da. Ernesto Valverde entrenatzailearen gidaritzapean lehendabiziko lan-saioa egin dute Lezaman, ateak irekita eta mila zaleren aurrean. Aldebiko erabakiz, Jokin Ezkieta atezainak ez du klubean jarraituko.

Ernesto Valverde, aurrean, jokalariei argibideak ematen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Azken hilabete zalapartatsua izan da Athleticek. Hauteskundeek sekulako oihartzuna piztu dute ekainean zehar eta jada lehendakaria aukeratuta –Jon Uriarte–, urak lasaitu egin dira. Lasaitu izanak, hala ere, ez du esan nahi gelditu egin direnik, hainbat kontu baitaude zehazteko.

Modu horretan, igande arratsaldean Gurutzetaren fitxaketa iragarri zuen klubak, Valverderen taldeak izango duen lehen fitxaketa da aurrelari donostiarrarena. Amorebietan, Bigarren Mailan, 13 gol sartzetik itzuliko da berriro ere Lezamara.

Hain zuzen ere, astelehen honetan abiatu duten denboraldi-aurrean izan da Gurutzeta, beste 31 jokalarirekin batera. Hutsune nabarmenena, Ander Caparena izan da. Hegaleko jokalaria eta klubaren artean negoziaketak aurrera jarraitzen dute baina oraindik ez da itxi Portugaletekoaren hitzarmen berrikuntza. Ekainaren 30etik kontraturik gabe dago eta EITB adierazi duenaren arabera, ez luke berrituko. 

Espainiako selekzioekin aritu diren Unai Simon, Iñigo Martinez, Julen Agirrezabala eta Unai Vencedorrek, denboraldia hiru aste beranduago bukatu zutenez, oporraldian jarraitzen dute. 

Harrobiko zortzi jokalari eta mila zaletu

Lezaman jardun diren 32 jokalarietatik zortzi harrobikoak izan dira: Beñat Gerenabarrena, Malcom Adu Ares, Luis Bilbao, Aitor Paredes, Beñat Prados eta Ander Iru, Alex Padilla eta Ibon Ispizua atezainak. Ez da bertan izan Jokin Ezkieta iruindarra, aldebiko erabakiz, ez baitu klubean jarraituko.

Denboraldi-aurrearen hasierara batu dira baita ere pasa den urtean beste taldeetan utzita jokatu zuten Peru Nolaskoain, Jon Morcillo, Iñigo Vicente eta Imanol Garcia. Ez ordea, Herbehereetako Go Ahead Eagles taldean aritu de Iñigo Cordoba.

Mila zale inguru hurbildu dira Lezamako instalazioetara Valverdek eta bere talde teknikoak zuzendutako lehen entrenamendua ikustera. Txingurriren aurreko etapan bezala, Jon Aspiazu eta Jose Antonio Pozanco prestatzaile fisikoa izan dira bertan.

Horiekin batera, Aitor Iru atezainen entrenatzailea, Xabi Clemente berregokitzailea eta Alberto Iglesias laguntzaileen teknikaria ere aritu dira Lezamako berdegunean.

Talde zuri-gorriak bigarren saioa egingo du gaur arratsaldean, 18.00etatik aurrera, zalerik gabe.

«Helburuak zehazteko» bileraren esperoan

Lehendabiziko entrenamenduaren ostean, taldeko kapitain Iker Muniainek hitz egin du kazetarien aurrean. Bertan, aurreratu du egun hauetan bilera bat egingo dutela taldeko kapitain eta klubeko zuzendaritzaren artean, hastear den denboraldirako «helburuak zehaztu asmoz».

«Bilera horren zain, Muniainek adierazi duenaren arabera, ligan Europako postuen barnean bukatzeko helburua begiz jota dauka kapitainak: «Urteak daramatzagu sartu ezinik». Era berean, «Kopan erakutsi dugu beti amaieraraino goazela».

Kazetarien galderei erantzun aurretik, kapitainak esker oneko mezu bat bidali nahi izan die Aitor Elizegi presidente ohiari eta bere taldeari, baita Marcelino Garcia Toral teknikariari ere, «azken urte eta erdia zoragarria izan zelako».

Muniain, 2022-2023 denboraldiko lehendabiziko entrenamenduan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

«Beti gaude eskertuta», gaineratu du nafarrak, aldagelaren izenean Jon Uriarteri, zuzendaritzako kideei eta Ernesto Valverde entrenatzaile berriari ongietorria eman eta jokalarien «babes osoa» eskaini aurretik. «Berrikuntza, anbizio, eskakizun eta ilusio garai berri» bati ekiteko prest agertu da.

«Horixe da kanpainan esan digutena, eta haiekin hitz egiteko aukera izan dugun apurrean. Espero dezagun urte zoragarriak izatea eta oso gauza politak bizi ahal izatea. Denboraldi bikaina hasi da eta baikorrak gara; taldean urte asko daramatzaten arren, berriz hasteko eta gauzak ondo egiteko ilusioa ikusten dut», esan du.

Valverderen itzulerari buruz, berriz, «oso pozik» daudela ziurtatu du.

«Etxea oso ondo ezagutzen duen entrenatzailea da. Urte asko eman zituen gurekin eta gauza politak lortu genituen. Lau aldiz sartu ginen Europa Ligan, behin Txapeldunen Ligan eta Superkopa bat irabazi genuen. Pauso bat alde batera ematea erabaki zuenean pena izan zen oso gustura geundelako berarekin», gogoratu du Muniainek.

Kapitainak esan zuenez, Txingurri «betiko pertsona bera da oraindik, jokalariez arduratzen den entrenatzaile maitakorra eta gertukoa».

«Eta futbolari dagokionez, ziur hazten jarraitu duela. Munduko talderik onenetako bat entrenatu du (Bartzelona), eta gauza asko ikasiko zituen bertan. Gauzak ateratzen joatea espero dugu, eta guztion artean Athletic lehiakor eta irabazle bat eraikitzea», azpimarratu du.