INFO

Ezker koadrizepsa minduta dauka Lasok eta Artolak ordezkatuko du lehen finalerdian

Unai Lasok ez du jokatuko ostiral honetako Binakako San Fermin Torneoa. Txapelketa finalerdietako ligaxka bete-betean dago eta Baikok iragarri du nafarrak lesioa duela ezker koadrizepseko tendoi batean. Hala, Iñaki Artolak hartuko du bere lekua, Mariezkurrena II.enarekin bikotea osatuz.

Unai Laso Iñaki Artolaren aurkako partidan, San Fermin Torneoko Lau eta Erdikoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Unai Lasok porrota jaso zuen ostegun honetan Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko finalean. Ezkurdia nagusitu zitzaion, Buruz Buruko finaleko arantza nolabait kenduta. Bada, ostiral honetan ere elkar ikusi behar zuten Labriten, San Fermin Torneoko binakakoan baina Baikok iragarri duenez, Bizkarreta-Gerediaingo aurrelariak minduta dauka ezker izterra. Zehaztu duenez, ziztada bat sentitu zuen finalean zehar eta egindako azterketa medikoan, ezkerreko koadrizepseko tendoi bateanlesio bat antzeman da. «Pilotaria eboluzioaren zain geratzen da», adierazi du enpresak ohar baean.

Iñaki Artolak hartuko du bere lekua ostiral honetako binakako finalerdian, Mariezkurrena II.enarekin bikotea osatuz eta Ezkurdia-Martijarekin indarrak neurtuz. Gaurko emaitzaren arabera, hilaren 10ean edo 12an jokatu beharko du beste partida Jaka-Albisu bikotearen aurka. Ikusteke dago Lasoren lesioa zenbaterainokoa den eta zenbat egun egon beharko den kantxetatik kanpo.

Irribarria-Zabaleta bikotearen lehen garaipena

Aipatu legez, Binakako txapelketa finalerdietako ligaxkan bete-betean sartu da. Atzo gauean abiatu zen eta Irribarria-Zabaleta bikoteak lehen garaipena eskuratu zuen Urrutikoetxea-Imaz mendean hartuta. Estu joan zen partida –ordu bat eta 12 minutu iraun zuen– eta azken tantoak erabaki zuen norgehiagoka urdinen alde (22-21).