INFO

Superni eta zaharren egoitza, Euskaltzaindiaren Hiztegiak jaso dituen 431 forma berrien artean

Hiztegia sarean eguneratu du Euskaltzaindiak eta 431 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan; era berean, 1.322 forma moldatu edo findu ditu. Horien artean, buruloka, deliberatu, mastektomia, superni, arteria koronario, euskal etxe, kafe huts, plater zapal, plazebo-efektu eta zaharren egoitza.

Eguneratzen honetan, forma berriak biltzeaz gain, adieretan eta adibideetan ezkutuan zeuden erabilerak bistaratzen saiatu dira. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak 431 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Euskararen Akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak.

2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2022ko lehen urte-erdian eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu ostiralean sareratu den eguneratzeak.

Hartara, azken sei hilabeteotan 431 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 29 sarrera eta 402 azpisarrera. Era berean, 1.322 forma moldatu edo findu ditu: 1.158 sarrera eta 174 azpisarrera. Eta oraingo aldi honetan hortxe egin da ahalegin nagusia, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak azaltzen duen bezala: «Eguneratze honetan, forma berriak biltzeaz gain, adieretan eta adibideetan ezkutuan zeuden erabilerak (irudizkoak, esapideak, adibide azalduak) bistaratzen saiatu gara».

Izan ere, hitz berriei erreparatzeaz gain, lehendik dauden sarrerak eta azpisarrerak berrikusten, osatzen eta zuzentzen ahalegin handiak egiten ditu hiztegiko lantaldeak, aitortu duenez. «Eta lan hori ez da inoiz amaitzen», Urkiak berak azpimarratzen duen lez.

Adieretan eta adibideetan ezkutuan zeuden erabilerak bistaratu

Sarrera eta azpisarrera ugari gehitu zaizkio hiztegiari. Lagin gisa, hona hemen gutxi batzuk: buruloka, deliberatu, mastektomia, superni, superego, azidoak –familia osoa–, arteria koronario, euskal etxe, gas natural, golde-etxe, goiz beranduan, kafe huts, plater zapal, orkestra filarmoniko, esku on, plazebo-efektu, edo zaharren egoitza.

Baina, batez ere, bestelako kontuak landu dira azken sei hilabeteotan. Esaterako,
irudizko erabilerak kendu eta adierak definitu dira. Argiagoa eta gardenagoa da orain
adiera-banaketa, diotenez. Hona hemen diogunaren adibide bat:

ezkondu

Zegoena: ezkondu, ezkon, ezkontzen 1 da/du ad. Ezkontzaren bidez elkartu. Ane Joanekin ezkondu da. Ane eta Joan ezkondu dira. Atzo ezkondu zen. Erretoreak ezkondu zituen.
Elizaz ezkondu gabe. Ezkondu ondoko lehen astean. Ezkontzeko asmorik gabe.
Ezkondu nahia. || Ezkondu dugu semea.

2 da/du ad. Irud. Elkarrekin ezin ezkon daitezkeen bi asmo.
3 (Partizipio burutua izenondo edo izen gisa). Emakume ezkondua. Ezkonduei grazia
emateko. Ezkonduen bizimodua.

Berria: ezkondu, ezkon, ezkontzen 1 da/du ad. Ezkontzaren bidez elkartu. Ane Joanekin ezkondu da. Ane eta Joan ezkondu dira. Atzo ezkondu zen. Erretoreak ezkondu zituen.

Elizaz ezkondu gabe. Ezkondu ondoko lehen astean. Ezkontzeko asmorik gabe.
Ezkondu nahia. || Ezkondu dugu semea.

2 da/du ad. Bi gauza elkarrekin ongi egokitu edo bat etorri. Ik. uztartu 2. Elkarrekin
ezin ezkon daitezkeen bi asmo. Euskal nazioaren helburuak ez ziren zenbaiten
askatasun egarriarekin batere ondo ezkontzen. Honako hau beren laugarren diskoa da, rock indartsua melodia itsaskorrekin ederto ezkontzen duena.

3 (Partizipio burutua izenondo edo izen gisa). Emakume ezkondua. Ezkonduei grazia
emateko. Ezkonduen bizimodua.


Bestetik, adibide azalduak bistaratu eta horietako askorekin azpisarrera berriak egin
dira. Hona hemen adibide garbi bat:

bandera

Zegoena: bandera 1 iz. Ehun zatia, albo batetik masta edo makila bati atxikia, nazio edo talde baten koloreak edo armarria dituena, eta ikurtzat erabiltzen dena. Bandera-ekarle duela Mikel Aingerua. Txispaz armaturik, bandera zabalik. Banderari haizean eragiten. Beren bandera jasorik gora. Hitzematen dio haren banderari jarraikiko zaiola. Bandera zuria: bakezkoak egin nahi dituenaren ikurra.

Berria: bandera 1 iz. Ehun zatia, albo batetik masta edo makila bati atxikia, nazio edo talde baten koloreak edo armarria dituena, eta ikurtzat erabiltzen dena. Bandera-ekarle duela Mikel Aingerua. Txispaz armaturik, bandera zabalik. Banderari haizean eragiten. Beren bandera jasorik gora. Hitzematen dio haren banderari jarraikiko zaiola. […] bandera zuri iz. Gerra, gudu eta kidekoetan, errenditzeko, su-etena eskatzeko edo bakezkoak egiteko jasotzen den bandera. Beren buruak galdurik ikusi zituztenean, bandera zuria atera zuten. Erasoari eusteko ezer gutxi egin dezaketela jabetuta, bandera zuria astindu dute.