INFO

Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak baditu lantaldea, egoitza eta egitasmoa

Orain urte bat eratu zen Badalab partzuergoa, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna bultzatzeko esperimentazio gune bilakatzeko. Jada prest da laborategia, Errenterian, irailetik aurrera jardun betean hasteko. Europan ez da parekorik.

Badalab laborategia aurkeztu dute Errenterian. Irailean jardun betean hasteko prest daude. (BADALAB LABORATEGIA)

Joan den uztailean eratu zen partzuergo moduan Badalab, euskararen biziberritzea jomuga izanen zuen laborategia. Ordutik, lantaldea, egoitza eta egitasmoa antolatzen ibili dira eta dagoeneko hirurak prest dituzte. Errenterian kokatu da Europan antzekorik ez duen proiektua eta irailean hasiko da lanean. Ostegun honetan eman dituzte xehetasunak.

Erran dutenez, sorrera beretik da berezia, lankidetzatik jaio delako. Honako erakunde eta eragileek hartu dute parte: Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala, Soziolinguistika Klusterra, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Irrati Telebista, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arantzazulab, Euskaltzaindia eta Langune.

Lankidetza gobernantzara ere eraman dute eta erabakiak hartzeko ezinbestekoa izanen da adostasun zabalak lantzea. Ez hori bakarrik: Badalaben interesa duen edonork dauka erabakietan eragiteko sarbidea.

«Bereizgarri nagusi honi esker, laborategiak dagoeneko lortu du 15 erakunde oso esanguratsu konprometituta egotea bere erabakigunean», azpimarratu dute.

Esperimentaziotik ekarpena egitea xede

Badalaben xede nagusia «esperimentaziotik ekarpena egitea» da, «euskara etorkizuneko agertoki eta interakzio sistema berrietan erabil dadin». Goiatz Oiartzabal zuzendari nagusiak hala azaldu du: «Berrikuntzak etorkizunera garamatza eta etorkizuna bete-betean biziko duten pertsonei galdetu behar zaie. Haien irudikapenetik abiatzen gara, etorkizun horretan euskarak eta hizkuntza gutxituek toki duina izan dezaten, komunitatea bere osotasunean garatzea ahalbidetuko duen balio-sistemari esker».

Irudikatutako etorkizun desiragarri horretan gaur eragiten hasteko, Badalabek espazioak, tresnak eta esperientziak eskainiko dituela adierazi du zuzendariak, bestela gauzatuko ez liratekeen proiektu ausartak garatu eta ezohiko lankidetzak eraiki daitezen.

Gazteekin etorkizuna irudikatzeko prozesu espekulatibo bat

Egitasmoen artean, bi nabarmendu daitezke. Alde batetik, gazteekin batera eginen den prozesu espekulatiboa. Gazteek nolako etorkizun desiratua irudikatzen duten ulertzen saiatzea da asmoa, gero horretan nola eragin antzemateko.

Errenterian aniztasuna lantzen duten eragileekin batera abiatuko den lanketa da bigarrena, hizkuntzaren aldagaia, gizarte kohesioa eta komunitategintza uztartzeko.

Badalab Madalen kaleko 27an kokatzen da. Bertan egonen da Badaplaza, adimen kolektiboa sustatu eta komunitateko ekintzak hartuko dituena eta ekosistemako eragileek eta herritarrek ere erabili ahal izanen dutena. Bestetik, Badatokia eta esperimentazio eta prototipatze espazioak ere egonen dira erabilgarri.