Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko ekimenak frantziar egun handian
Frantziar festa nazionalaren egunean hainbat ekimen izan dira Euskal Herria beste nazio bat dela eta independentzia aldarrikatzeko.
Deialdi ezberdinak zeuden uztailaren 14. honetan Ipar Euskal Herrian, franziar Estatuaren egun handian Euskal Herria beste nazio bat dela erakusteko. Goizean hainbat ekimen burutu dituzte eta arratsaldean Donibane Lohizunen manifestazioa egin dute U14 kolektiboak deituta.
Gazte ekimena izan da, esaterako, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian, Xuti Gazte ekimenak garatua. Independentzia aldarrikatzen duen ikurrina handia eskegi dute zubian, eta ondoan honako pankarta hau: «Gure lurraren, hizkuntzaren eta bizitzen defentsan, independentzia».
Uztailak 14 den egun honetan, guk, euskal herritarrok ez dugu deus ospatzeko.
— Xuti Gazte! (@xutigazte) July 14, 2022
Frantses estatuak behin eta berritz euskaldun, emazte, errefuxiatu eta langile gisa zapaltzen gaitu. Horri aurre egiteko Independentzia!#Independentzia pic.twitter.com/DyZ9YpI0lF
Ohar batean erantsi dutenez, «uztailaren 14a den honetan, 1789ko Frantses iraultzaren ospakizun egunean estatu honen menpe giren herriok ospatzeko deus ez dugula oroitaraztera heldu gira. Mendeetan zehar, frantses estatuak, mota eta kolore guztietako gobernuekinbere hizkuntza, kultura eta balioak inposatu ditu. Egun, oraindik, egoera ez da aldatu; etengabekoak dira euskarareneta orohar Euskal Herriaren aurkako erasoak.Euskal Herria bitan zatitzen duen mugan elkartu gira gaur, pasabide hau bera delako aipaturiko zapalkuntza horren adibide nagusietako bat: egun eta gau, hainbat koloretako poliziak ikus daitezke hemen».
«Euskal herritarron bizitzak eta askatasunak mugatzeaz gain, gerratik eta miseriatik ihesi datozen emazte-gizon afrikarrentzat pareta bilakatzen dira zubi hauek –gogorarazi dute gazte hauek–. Zapalkuntzarena den egun honetan, alabaina, askatasuna aldarrikatzen dugu guk».
Manifestazioa Donibane Lohizunen
Arratsaldeko 17.00etan, berriz, U14 kolektiboak deituta manifestazioa egin dute Donibane Lohizunen, «Kateak hautsiz herria defendatu. Independentzia» lelopean. Martxa Louis XIV.aren plazatik abiatu da eta, herriko kaleak zeharkatu ondoren, Herriko Etxearen aurrean bukatu da. Poliziaren presentzia nabarmena izan da. Manifestariek «Euskal Herria ez da salgai», «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da» eta «Utzi bakean, alde hemendik» leloak oihukatu dituzte mobilizazioan zehar, eta etxebizitzaren arazoa eta presoen egoera ere salatu dituzte. Thiers Bulebarrean dauden higiezinen aurretik igarotzerakoan arrautza eta tomateak jaurti dizkiete.
Amaieran, manifestazioaren buruan eraman duten pankarta Herriko Etxearen sarrerako hesian eskegita utzi dute.