INFO

Gipuzkoako egoitzetako patronalek negoziazio mahaia deitu dute ostiral honetarako

Gipuzkoako nagusien egoitzetako patronalek negoziazio mahaira deitu dituzte sindikatuak ostiral honetarako. ELAren esanetan, enpresaburuek «proposamen hobea» mahaigaineratuko dutela aurreratu diete.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak ‘Gaixoa ni’ kanta bertsionatzen, Diputazioaren aurrean protestan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako patronalek negoziazio mahaiaren urgentziazko bilera deitu dute ostiral honetarako, uztailaren 15erako. BileraLan Harremanen Kontseiluaren (LHK) Donostiako egoitzan izango da eta ELAren hitzetan, patronalek aurreratu diete negoziazio mahai honetan «proposamen hobea» aurkeztuko dutela.

Hori horrela, bilkura grebaren 261. egunean iritsiko da. Ostegun honetan ere lanuztea izan dute erresidentzietako beharginek, eta Diputazioaren aurrean ‘Gaixoa ni’-ren (sanferminetako azken egunean kantatu ohi den abestiaren) bertsio bat abestu dute, ‘Gaixoa zu! Nola zainduko zaituzte egoitzaren batera eramaten zaituztenean?’, egungo Gipuzkoako erresidentzien eredua salatzeko.

Ostiralerako ere greba deituta dagoen arren, Aintzane Orbegozo ELAren bozeramaileak nabarmendu du sindikatuak «erantzukizunez» bertaratuko direla patronalaren proposamena entzutera. Dena den, Orbegozok gogorarazi du azken negoziazio mahaian patronala ez zela ELAren «proposamena baloratzera sartu ere egin» eta, horregatik, ostiralean gertatuko denaren «zain» daude ELAtik.

LABeko Eñaut Alvarezek aitortu du sindikatuak «sorpresaz» jaso duela negoziazio mahaiaren deialdia, baina zehaztu duenez, «irtenbidea negoziazio kolektibotik bilatu behar da». Era berean, Alvarezek zaintza lanak eta lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen sektorial bat aldarrikatu du.

Mobilizazioak

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak bileran egongo diren bitartean, beharginek grebari eutsiko diote. 12.00etan Donostiako Bulebarrean elkarretaratzea egingo dute eta ondoren Alde Zaharra zeharkatuko duen manifestazio bati ekingo diote.

Izan ere, Orbegozok salatu du erresidentzietako beharginen ratioek ez dutela «nagusientzako zerbitzu egoki bat bermatzen». Zentzu honetan, ELAk jakinarazi du langileek lanaldi partzialekin eta soldata eta ratio «eskasekin» jarraitzen dutela, «zerbitzua ere halakoa izanik».