INFO

Oso indartsu ekin diote Mastersari Irribarria eta Albisuk Balmasedan (22-12)

Bikote goierritarra 2-13 aurreratu da Urrutikoetxea eta Rezustaren aurka eta hauek erreakzio txiki bat izan badute ere, gipuzkoarrak nagusitasunez gailendu dira.

Iker Irribarriak partida borobila jokatu du Balmasedan. (Jon URBE/FOKU)

Indarra da, hitz batean laburbiltzeko, Iker Irribarria eta Jon Ander Albisuk osatzen duten bikotea deskribatzeko erabiliko genukeen hitza, eta goierritarrek Mastersari sasoian ekin diotela esan genezake, 22-12 irabazi baitiete Urrutikoetxea-Rezustari Balmasedan txapelketari hasiera eman dion partidan. Beste bikotean, Bergarako atzelaria bezperan final oso gogor bat jokatzetik zetorren eta egun bero honetan, nekea nabaritu du bi jotzaile handiren aurka.

Nahiz eta Zaratamokoak eta bergararrak erreakzio txiki bat izan duten, azkar utzi dute erabakita partida goierritarrek, oso sendo arituta 2-13 aurreratu baitira markagailuan bere jo ikusgarriari esker. Oso bikote sendoa osatu dute aramarrak eta ataundarrak eta aukera gutxi eman dizkiete aurkariei.

Sanferminetako bigarren partida bertan behera utzi behar izan zuen Albisuk asteartean, baina ostiral honetan sekulako partida jokatu du, Rezustari bizkarra etengabe erakusteaz harago, opari bakarra ere ez baitu egin. Pilota atzeratzeko orduan Iker Irribarriaren laguntza ona ere izan du, baina aramarraren lana ez da horretara mugatu, 10 tanto ere amaitu baititu jokoan eta, astelehenean ez bezala, akats oso gutxi, 3, pilatuta.

FITXA TEKNIKOA:

Urrutikoetxea-Rezusta: 12

Irribarria-Albisu: 22

Pilotakadak: 462. Iraupena: 50 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-5, 2-5, 2-13, 8-13, 8-15, 9-15, 9-18, 12-18, 12-22. Sakeak: 3 Urrutikoetxeak eta 3 Irribarriak. Egindakoak: 6  Urrutikoetxeak, 0 Rezustak, 10 Irribarriak eta 3 Albisuk. Galdutakoak: 2 Urrutikoetxeak, 4 Rezustak, 3 Irribarriak eta 0 Albisuk. Gorabeherak: Udako Masterseko lehen partida Balmasedako pilotalekuan jokatu da.

Morgaetxebarriaren debuta Zornotzan

Larunbateko eskuzko jaialdi nagusia Zornotzan jokatuko da eta bertan Aimar Morgaetxebarria atzelari gazteak debuta egingo du Baikorekin bere herritarren aurrean. Hasiera batean Unai Lasok izan behar zuen bere aitabitxia, baina Bizkarreta-Gerendiangoa min hartuta egonda, Mikel Urrutikoetxeak lagunduko dio bere lehen partidan Jaka-Elizehiren aurka.

Lau urte zituela hasi zen, aitonaren eraginez, Morgaetxebarria pilotan jokatzen eta hogei bete aurretik egingo du debuta karatean gerriko beltza duen gazteak. Kontatzen duenez, Aimar Olaizolaren eraginez jarri zioten gurasoek izena eta orain goizuetarraren alboan pilotari gisa hazten jarraitzea izango du helburu nagusia.

Pilotari segurua da zornotzarra, ez da kolpe ikaragarrikoa baina pilota luze ibiltzen du, batez ere eskuinez eta ofizioa ikasten joateko bi urteko hitzarmena sinatu du Baikorekin.

Azken urtean nahi baino gutxiago jokatu du, urtarrilean eskuak txikitu zituelako eta azken partida ekainaren 10ean jokatu zuen Mallabian, Biharko Izarrak torneoko finalean, eta Igoak lagunduta ezin izan zuen txapela jantzi, Exposito eta Iztuetak 22-7 irabazi zieten eta. Ordutik, mimoz debuta prestatzen jardun du.

Peñak hezur-edema du pubisean

Bestalde, Baikok jakitera eman duenez, Jon Ander Peñak hezur edema bat du pubisean eta txosten medikuan zenbat argitzen ez badu ere, geldirik egon beharko du denbora batez. Tolosarra oso uda hasiera ona izaten ari zen, sanferminetako lau eta erdikoan bere enpresako finalerdira helduz, eta garai txarrean etorri zaio lesioa.