INFO

Altuna-Imaz hobeto moldatu dira Labe Garaiak ziruditen Barakaldoko frontoira (22-15)

Bero izugarriak erasanda, Zabaletak ondoeza izan du partidaren hasiera aldera eta urdinek etekina atera diote txakalaldi horri.

Jose Javier Zabaleta ondoezik sentitu da beroaren eraginez. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskal Herri osoak labe erraldoi bat dirudien egun honetan, gure inguruko fundiziorik handiena izan duen herrian jokatzea tokatu zaie gaur Barakaldon iragarrita zeuden zortzi pilotariei eta garai bateko Labe Garaiak berriz piztu izan balituzte bezala jokatutako estelarrean Altuna-Imaz izan dira hobekien moldatu direnak. Muturreko egoeran jokatzea tokatu zaie pilotariei –pilotaleku barruan zegoen termometro batek 32,8 gradu markatzen bazituen ere, sentsazioak askoz itogarriagoa zirudien– eta ez ohiko baldintza horiek goitik behera mugatu dute pilotarien jarduna. Tenperatura denentzat bera bazen ere, Jose Javier Zabaleta izan da erasanena. Laugarren tantotik aurrera zorabiatuta ere ibili da etxarrendarra eta mediku eta enpresetako ordezkariek ondo sentitzen ez bazen partida bertan behera uzteko esan dioten arren, burua iturrian freskatuta jokatzen jarraitu du eta partida amaitzea lortu du.

Pilotarien osasuna arriskuan zegoenaren sentsazioarekin jokatu da partida osoa eta aipatu bezala, beroak erabat baldintzatu du partida, Zabaletaren unerik larrienetan ireki baitute markagailuan zuloa horren erasanda aritu ez diren Altuna eta Imazek. Bosna berdinduta izatetik 5-15 aurreratu da bikote gipuzkoarra eta hortik aurrera Jaka-Zabaletak erreakzio on bat izan badute ere, atzelariak hobera egin du partida luztu ahala, aparteko zailtasunik gabe kudeatu dute lortutako aldea amezketarrak eta oiartzuarrak, nahiz eta tenperaturak denei erasan eta ohikoak ez diren huts batzuk pilatu dituzten denek.

Altuna, hobetuz

Baina eguratsak izandako eraginaz harago, partidak utzi du beste irakurketarik. Esaterako, behar zuen atsedena hartuta, Jokin Altuna berriz ere bere mailarik onenera bidean dela. Itzuli zenetik fresko ikusi dugu, batez ere eskuinarekin, baina pixkanaka-pixkanaka ezker hori ere ohikoa duen zehaztasuna berreskuratzen ari da, nahiz eta oraindik titare batekin aritzera erabat ohitu ez den. Imaz ere sasoiko heldu da uda hasiera honetara, hori ez da nobedadea, baina 5-10ean errebotean jarri duen pilotakada latza ez da horren ohikoa, nahiz eta lautik eta askotan gozatzen dituen aukerako pilotak.

Eta Erik Jakak denetarik izan du pixka bat. Erasoan oso eraginkor hasi da, kontraerasoan Altunari mina ere egin dio sarri zabaletik, baina bere atzelariaren txakalaldiak asko eragin dio eta amaierarako ere bera Zabaleta haina, edo gehiago erasanda ikusi dugu.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Zabaleta: 15

Altuna III.a-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 501 Iraupena: 68,57 minutu. Markagailua: 0-1, 4-1, 4-4, 5-4, 5-15, 7-15, 7-17, 13-17, 13-20, 15-20, 15-22. Sakeak: 1 Jakak eta 3 Altuna III.ak. Egindakoak: 6 Jakak, 3 Zabaletak, 7 Altuna III.ak eta 1 Imazek. Galdutakoak: 5 Jakak, 5 Zabaletak, 3 Altuna III.ak eta 2 Imazek. Gorabeherak: Bero itogarria erdiraino ere bete ez den Barakaldoko pilotalekuan. Markagailuan 5-9 zirela Zabaletak aldagelara joan behar izan du ondoezik sentitu eta gero.