INFO

%18 egin dute gora Nafarroan covid kasuek azken astean

Covid kasuek gora egin dute Nafarroan hilaren 11tik 17rako astean; aurrekoa astearekin alderatuta %18 hazi dira, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Ospitaleetan ingresaturikoen kopurua, berriz, 126tik 81era jaitsi da. 17 hildako izan dira, aurreko astean hamabi izan zirelarik.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko irudia. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Hilaren 11tik 17ra 6.139 covid kasu atzeman dira Nafarroan. Aurreko astearekiko %18ko igoera da, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (Noploi) txostenaren arabera, ospitalean ingresaturikoen kopurua jaitsi egin da, aurreko balantzean 126 zirelako eta honetan berriz, 81. Hauetatik %90 65 urtetik gorako pertsonak dira eta %6a txertorik jaso ez duten bost urte baino gazteagoak.

75 urtetik gorakoen artean intzidentzia egonkorra da, baina maila altuan kokatzen da (%1,6 astean). Nafarroan gehien topatu diren azpialdaerak Omicron BA.4 eta BA.5 dira, %94.

Aurreko astean bi pertsona ingresatu zituzten Zaintza Berezien Unitatean eta 17ra igo ziren hildakoak (aurreko astean hamabi izan ziren). Txostenak nabarmentzen duenez, «maiatzetik hona prebentziorako neurrietan izan den arintzeak 65 urtetik gorako Nafarroako populazioaren %12a covidez kutsatzea suposatu du».

Txertoak ospitalera joateko arriskua jaitsi egiten du, baina ez du erabat kentzen. Hori dela eta, Osasun Publikoak neurri prebentiboak zorroztasunez mantzentzeko eskatu die 65 urtetik gorako edo gaitz kronikoak dituzten pertsonei, txertoa jaso badute ere.

Ospitalizazioei dagokienez, ingresatuen kopurua 157koa zen hilaren 10ean eta joan den astearen amaieran, berriz, 149 ziren. Zaintza Berezien Unitatean ingresarturikoen kopurua bitik laura pasa da.

Covidaren material genetikoaren presentziak gora egin du Iruñerriko hondakin-uretan eta berdin mantendu da Tuteran, aurreko astearekin konparatuta.