INFO

CAFek 100 milioi eurotik gorako bi kontratu lortu ditu Atenasen eta Sevillan

Garraio publikoa hobetzea helburu duten bi kontratu itxi ditu CAF enpresak. Lehena, Atenasekoa, Grezian lortu duen aurreneko proiektu garrantzitsua da, eta metroko 1. linearen 14 ibilgailuak birgaitu behar ditu. Sevillari dagokionez, tranbia berriekin hornituko du hiria.

CAF taldeak Sevillan itxi du kontratuetako bat, hiria tranbiez hornitzeko. (CAF)

CAF Taldeak hiriko garraio publikoko zerbitzua hobetzearekin lotutako bi kontratu lortu ditu Atenasen eta Sevillan. Alde batetik, Greziako hiriburuko 1. linean operatzen duten metro arineko unitateak birgaituko ditu eta, bestetik, Sevillarako tranbia berriak hornituko ditu. Bi proiektuen zenbateko osoa 100 milioi euro baino gehiagokoa da.

Horrela, euskal konpainiak jakinarazi duenez, Stasy S.A. Atenas hiriko garraioa kudeatzeaz arduratzen den operadoreak CAF Taldea hautatu du gaur egun Greziako hiriburuko metroko 1. linean dabiltzan 14 metro unitateak birgaitzeko. Proiektuaren lizitazio aurrekontua 70 milioi eurokoa da eta enpresak Grezian lortu duen lehen kontratu esanguratsua izango da.

Atenasko 1. linea da hiriko metro sareko zaharrena eta linea berdea ere deitzen zaio. Pireo hiria hiriburuaren iparraldean dagoen Kifisia gertuko herriarekin lotzen du. Unitateak birgaitzeko proiekturako 34 hilabeteko gauzatze epea ezarri du kontratuak. Unitateak 1983 eta 1985 artean jarri zituzten zirkulazioan eta kontratuaren helburua da unitateak berritzea beste 25 urtez modu eragingarrian opera dezaten.

Unitateetan egingo dituzten lanen artean dago trakzio ekipoa ordezkatzea, eta kontsumoari dagokionez eragingarritasun handiagoko motor moderno berriak gehituko dituzte, besteak beste.

Horrez gain, proiektuaren helburuak treneko irisgarritasuna hobetzea eta unitateen interiorismoa berritzea jasotzen du. Era berean, desgaitasuna duten bidaiarientzako eremuak gehituko dira bidaiarien erosotasuna eta segurtasuna hobetu ahal izateko.

Sevillan, energia errentagarritasuna xede

Bestalde, Sevillako Udalak CAFi esleitu dio hirirako bi tranbia berri hornitzeko eta 30 urtez haien mantentze lana egiteko kontratua. Gainera, entregatu beharreko unitate kopurua handitzeko aukera ere jasotzen du akordioak.

Tranbiak %100ean zoru baxukoak izango dira eta bost modulu izango dituzte. Ibilgailuak tren barruan energia biltegiratzeko sistemarekin ekipatuta egongo dira. Horri esker, geltokien artean linea elektrikorik gabeko tarteetan funtziona dezakete eta horrek tranbia Sevilla hirian hobeto integratzea eta energia eragingarritasuna handitzea ahalbidetzen du.

Izan ere, hirigune historikoan tranbiak izan dezakeen inpaktu bisuala gutxitzen da geltokien artean katenariarik gabe zirkulatuta.