INFO

Oporrak Bakean programaren eskutik Euskal Herrian dira Saharako 217 haur

Oporrak Bakean programaren bitartez Saharako 217 haur Hego Euskal Herrian dira, hilabete inguru harrera-familietan emateko. Helburuetako bat haurrak desertuko beroarengandik babestea da, izan ere, aurten inoiz baino tenperatura altuagoak bizitzen ari direla diote bertakoek.

Zarautzera iritsitako haur saharar batzuk, haien harrera-familiekin. (@Saharautz)

Goizeko 7.00etan iritsi da hegazkin bat Loiuko aireportura eta 10.15ean bestea. Guztira, 217 haur saharar Euskal Herrian dira larunbat goizetik eta bertan igaroko dute hilabete inguru harrera-familien etxeetan, Oporrak Bakean programari esker. EAEn daude 152 haur eta 65ek Nafarroan.

Pandemiak bi urtez geldiarazi ditu udararo 1986az geroztik Saharako haurrek Euskal Herrira egiten dituzten bidaiak, eta, ondorioz, «haur asko programak eskaintzen dituen onurak jaso gabe geratu dira», azaldu du Eli Eizagirre programaren koordinatzaileak. Haurrek 10 urtekin hasi eta 12 urterekin egiten zuten azken bidaia Oporrak Bakean-ekin. Aurten, ordea, Fronte Polisarioaren erabakiz zortzi urteko haurrek hartu dute programan. Eizagirreren esanetan «txikiagoak» eta «eramangarriagoak» dira 12 urteko haurrak baino, baina «hain txikiak izanda, ama gehiago behar dute eta lehenengo negarrak hasi dira», esan du.

Harrera-familietan egun pare bat igaro ostean, alta, aise egokituko dira «egunerokotasunean», koordinatzaileak segurtatu duenez.

«Biziraupenerako programa»

1979an sortu eta 1986an Euskal Herrian martxan jarri zen programa hau «biziraupenerako programa bat bezala» sortu zela argitu du Eli Eizagirrek. «Errefuxiatuak dira, lehen mendebaldeko Saharan bizi ziren, probintzia espainiarra zen orduan. Handik desertura atera behar izan zuten ihesi gerra tarteko eta lehenengo udaratan hau asko hil ziren. Horregatik sortu zuten programa hau», esplikatu du.

Urteak aurrera egin duten arren, oraindik ere biziraupenerako programa izaten segitzen duela nabarmendu du Eizagirrek. Eta egun, inoiz baino gehiago, haurrak beroarengandik babestea da helburuetako bat: «Aurten ikaragarrizko beroa egiten ari da kanpamentuetan. Helduenek diote inoiz sentitu duten berorik gogorrena bizitzen ari direla. Beraz, garrantzitsua da umeak beroarengandik babestea».

Oporrak Bakean ekimenak bestelako onurak ere ekartzen dizkie haur sahararrei. «Deserriak lapurtzen dien osasuna berreskuratzeko aukera ematen zaie –agertu du programaren koordinatzaileak–. Hemen egiten ditugun bost otorduei esker, izan dezaketen anemia sendatzen zaie, bitaminak jaso, kilo batzuk hartu... batzuk hazi egiten dira hemen ematen dituzten egunetan».

Mediku errebisioak ere egiten zaizkie, izan ditzaketen osasun arazoak sendatzeko. Eta eskaintzen zaie, aipatu du Eizagirrek, «bizimodu berri bat, beste kultura bat, paisaia berri bat, koloreak. Pentsa, desertuan bizi dira, marroia bakarrik ikustera ohituta daude. Hemen mendiak, zuhaitzak, errekak ditugu».