INFO

1.500 migratzaile baino gehiago iritsi dira azken orduetan Italiara

Kostazainen, Sea Wacht 3 eta Ocean Vikingen erreskateen ondoren, 1.500 pertsona baino gehiago iritsi dira azken orduetan Italiara. Lampedusako harrera-zentroa erabat gainezka dago: 1.300 pertsona daude barruan, baimendutako gehienekoa baino hiru aldiz gehiago.

Migratzaileak Lampedusa uhartean. (Alessandro SERRANO | AFP)

1.500 pertsona baino gehiago iritsi dira Italiako kostaldera azken orduetan. Segurtasun indarrek bost hildakoren gorpuak erreskatatu dituzte merkataritza-ontzi baten ondoan, eta Sea Wacht 3 eta Ocean Viking itsasontzi humanitarioek 500 naufrago erreskatatu dituzte Mediterraneo erdialdean.

Calabriatik 200 kilometrotara, arrantza-ontzi batean zihoazen 674 pertsona erreskatatu zituen larunbat honetan merkataritza-ontzi batek, kostazainen hiru patruila-ontzik eta Guardia di Finanzako unitate batek. Gainera, ontzian bost gorpu ere aurkitu zituzten, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

Erreskatatutakoak, horietako asko uretan zeudenak, kostako guardiako ontzi batean eraman zituzten Calabriako eta Siziliako portuetara, salbamendu-operazio baten ondoren. Itsas Armadako hegazkin batek eta Frontexeko hegazkin batek ere hartu zuten parte salabamendu-operazio horretan.

Kostazainek aurretik erreskatatu zituzten nabigazio-baldintza eskasetan zeuden ontzietako migratzaile batzuk. Operazio horretan, Cataniako aire-baseko helikoptero batek esku hartu behar izan zuen emakume baten ebakuazio medikoa egiteko.

Lampedusa, gainezka berriz ere

Gainera, 900 migratzaile, gehienak afganiarrak, pakistandarrak, sudandarrak, etiopiarrak, somaliarrak, nigeriarrak, senegaldarrak eta eritrearrak, Lampedusa uhartean lehorreratu ziren larunbat honetan, eta bertako harrera-zentroa 1.300 pertsonarekin baino gehiagorekin gainezka dago berriro, 350 lagunentzako edukiera duenean.

Duela astebete, pertsonen pilaketak eta pilatutako zaborra zirela eta Itsas Armadako itsasontzi bat bidali zuten, 600 migratzaile inguru beste hiri batzuetara eramateko.

Italiako uharte txikira, Afrikatik gertuen dagoenera, txalupak etengabe iristen dira, batzuetan kostako guardiak geldiarazi ondoren.

«Lampedusa larrialdian dago», esan du igande honetan Matteo Salvinik. Mario Draghiren Gobernua erori ondoren herrialdean deitu diren hauteskunde aurreratuetarako kanpaina egiteko aprobetxatu du zentro horretako egoera Ligako liderrak.

«Irailaren 25ean, italiarrek aldaketa aukeratu ahal izango dute azkenean: mugetako segurtasuna, kemena eta kontrola itzuliko dira», gaineratu du Salvinik, 2018an Barne ministro izan zenak eta migrazioari buruzko politika oso gogorra praktikan jarri zuenak. Horren ondorioz, epaitu egin dute Salvini, hainbat astez herrialdean migratzaileen lehorreratzea saihesteagatik.

Sea Watch 3-k 428 pertsona erreskatatu ditu

Gainera, Sea Watch 3-k 428 pertsona erreskatatu ditu larunbat honetan egindako lau operaziotan, Alarm Phone-k, Mediterraneo erdialdean nabigatzen ari diren bitartean arazoak dituzten migratzaileen deiak jasotzen dituen GKE batek, ohartarazi ostean.

«Sea Watch 3-k 428 pertsona ditu orain ontzian, eta atzo 12 ordutan lau txalupetatik erreskatatu zituzten», Sea Watch International GKE alemaniarrak twitterren esan duenez. «Europar Batasunak nahiago luke Libiara legez kanpo eraman edo hilda ikusi. Heriotzak eta giza eskubideen urraketak Europaren sendotasuna zigilatzeko neurri gisa onartzen dira. Bota ditzagun horma hauek», nabarmendu du.


Sos Mediterranee GKEaren Ocean Viking ontziak ere salbamendu-lana egin du igande honetan, «Libiatik etorritako nazioarteko uretan gainkargatutako txalupa bat ikustean». 87 lagun erreskatatu dituzte, 57 adingabe barne.