INFO

Neska eta blusen egun handia Gasteizen, festarako gogoa zabalduz

Neskak eta blusak Gasteizko kaleak girotzen ari dira goizetik, nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotura estuak dituen Santiago egun honetan. Luze esperotako festa giroaren ondoan, berakatz eta herrialdeko produktuak dira eguneko beste protagonista handiak.


Pandemiak baldintzatutako azken bi edizioak atzean utzita, neska eta blusen kuadrillek Gasteizko kaleak hartu dituzte berriz gaur, Andre Mari Zuriaren atarikoa izaten ohi den Santiago egunean.

Fanfarreen eta txistularien doinuen artean, hirigunea dantzan jarri dute goizetik. Zendutako blusa eta nesken omenezko ekitaldiarekin abiatu da eguna. Santa Isabeleko hilerrian izan da lore eskaintza eta ohorezko aurreskua. Jada ez dauden neska eta blusa horien omenaldi ederrena kaleak jaiez janztea denez, giroa zonalde ezberdinetara zabaldu dute ekitaldi ezberdinetan parte hartuz.

Bigantxak ere itzuli dira arabar hiriburura, eta asto lasterketaren ordez antolatzen den ardo kupelen lasterketarekin lanpetuta egon dira kuadrilla asko. Zesta-punta tailerra, Zaporeak elkarteak antolatutako ‘txori-pintxo solidarioa’, Urrezko Abarka omenaldia, herri kirolak eta Zintzarri Sarien banaketa goiza bete duten ekitaldietako batzuk izan dira. Udal musika bandak ere kontzertua eskaini du zain zeukan jendez beteriko Florida parkean.

Berakatz azokaren tradizioa

Ohiko irudi bitxiak oparitu ditu, bestalde, tradizio handia duen berakatz azoka ezagunak kaleak baratxuriz beteta erakutsiz. Horren ondoan, tradizio luzeko nekazaritza eta abere azoka ere ospatu da, herrialdeko abereak eta produktuak balioan jarriz.

Haurrentzako osasungarri sukaldatzen ikasteko tailerra ospatu da bertan. Bertan, gainera, gertuko produktuen kontsumoa bultzatzeko ‘dastamenaren laborategia’ bisitatu ahal izan dute herritarrek, eskualde ezberdinetako jakiak eta edariak probatzeko.

Bazkal osterako indarrak gorde behar dituzte jaietako protagonistek, ohiko kalejira egingo baitute neska eta blusen kuarillek hiriburuko kale nagusietatik.