INFO

Tokiko moneta abiapuntu, Barter sistemaren egingarritasuna aztergai UNUMen, Baionan

Enpresen arteko elkarlan eremua eratzea ahalbideratzen duen Barter sistema bat Euskal Herrian plantan ematea egingarria litzateke? EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko eragileek aztergai izan zuten egitasmoa Mugaz Gaindiko Udako Unibertsitatean (UNUM), Baionan.

Tokiko txanponek lurralde garapen solidarioari egin diezaioketen ekarpena aztergai izan zuten, uztailaren 21ean, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Elkargoak, Akitania Berriako Eskualde Kontseiluak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalbiltzak emandako sostenguari esker Barter sistemaren egingarritasunari buruzko azterketa abian eman du dagoeneko Bihar elkarteak.

Eusko, euskal moneta, abiapuntu izan dute adituek eremu zehatz batean enpresen arteko saretzea eta kolaborazioa ahalbidetzen duen Barter izeneko sistemaren gaineko prospekzioa egiteko.

Munduan zehar martxan diren Barter sistema ezberdinak aztertu ondoren Euskal Herrirako egokiena litzatekeen ereduaren gaineko proposamena lantzea litzateke ikerketaren jarraipena, Xabi Larralde ekonomilariak azaldu duenez.

Berari egokitu zitzaion hain zuzen Mugaz Gaindiko Udako Unibertsitatearen (UNUM) eskutik tokiko moneta eta lurralde garapen solidarioa ardatz harturik antolaturiko panela animatzea.

Goiz eta arratsaldeko lan saioetan, Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta EAEtik heldutako hainbat eragilek esperientziak trukatu eta birlokalizazioa, erresilentzia eta jasangarritasuna onarri lituzkeen garapen ereduaren gaineko gogoeta partekatua egin zuten.

2023tik aurrera Europa mailan aurrekontuei dagokienez «sekuentzia berria» zabalduko dela jakitun, Euskoak bultzaturiko ikerketaren bidetik urrats gehiago emateko Foctefa programatik finantzamendua eskuratzea ezibestekotzak jo zuen Larraldek.

Dagoeneko europar funtsek ahalbideratu dute datu-base aitzindaria plantan ematea, hain zuzen Euskal Herriko errealitatea ezagutu eta urrutira jo gabe hemengo enpresek eginen dituzten jarduerek birlokalizazioaren aukerak aztertzeko.

Jon Arizmendiri egokitu zitzaion potentzialitate ekonomikoak neurtzeko Baionako Merkatal eta Industria Ganberak (MIG) baliatu duen tresnari buruzko nondik norakoak ematea.

Utopies-ek garatutako modelizazio sistemak trukaketen fluxuak aztertu eta Euskal Herrian dauden zirkuitu ekonomikoak xehetasun handiz ikusaraztea ahalbideratzen du.

Hala, nazioartetik heldutako osagaia eta nazioartera bideraturiko ekoizpenen datuak gurutzatuz birlokalizazio aukerak aztertu ahal izan dituzte.

Ondoren, bederatzi produktu-familia identifikatu dituzte, gaur egun dagoen ekosistematik abiatuta «birlokalizaziorako trantsizioa egiteko» aukera ezin hobeak eskainiko lituzketelakoan.

«Ez ginateke orrialde huts batetik abiatuko, oinarri sendoa dugulako», ondorioztatu zuen Arizmendik Baionako Arte Hirian eginiko mahai-inguruan.

Barter sistemaren potentzialitateak nabarmenduz, gaur gaurkoz Euskal Herri mailan dagoen trukaketa apala hobetzeko tresna interesgarritzat jo zuen.

«Barter sistema batean txertatuz gero identifikatu ditugun industria jarduera horiek birlokalizaziorako prozesua ahal lukete antolatu», iradoki zuen MIGeko ordezkariak.

Xifretara jota, Ipar Euskal Herrian 2,3 miliar euro eta EAE eta Nafarroan, berriz, 40 miliar euroan estimatu zuen bilakaera horren oinarrizko onura.

Bordeleko Unibertsitatetik heldutako Fabienne Pinosek Barter ereduari esker komunitate batek trukaketa aldeanitza plantan eman ahal duela azaldu zuen. Eredu ezberdinak badirela oroitarazi zuen, horietarik batzuk euroarekin konbertsioa bermatzen duten tokiko moneta –edo Barter unitatea– baliatzen dutela, eta beste batzuek, berriz, kreditu mutualizatua.

Ibilbide luzeena duen Barter sistema 1929ko finantza krisiaren ondotik Suitzan asmaturiuko Wir izenekoa da. Ikastaroaren zuzendariak laburbildu zuenez, ehunka kiderekin abiatu zen sistemak 70 urte beranduago 60.000 eragile metatzen ditu.

«Gertuko eremuan kokatzen diren enpresen arteko trukeak hobetzea eta eragile horien finantza gaitasuna bermatzeko borondatea», horiek lirateke, adituaren ustez, Wir sistemaren arrakasta azaltzen duten baloreak.

Larraldek gehitu zuenez, aipaturiko sistemak «merkatu plaza» bat sortu du, profesionalen zerbitzuen eskaintza eta eskaera era errezean ikustaraziz.

«Gure ikerketan ohartu gara Barter sistema batek enpresen densifikazioa ahalbideratuko lukeela, baita birlokalizazioa eta ekonomia zirkularraren norabidean urrats sendoagoak ematea ere, baina horretaz gain, nabarmendu behar da erresilientzia hobetzeko baliagarria litzatekeela, bereziki tamaina ertain eta txikia duten enpresek dituzten finantza gaitasuna areagotuko lukeelako», gaineratu duen Larraldek.

Eskualde ezberdinetatik heldutako irakaspenak

Mahai-inguruan parte hartu zuten hizlarien azalpenek argiki erakutsi zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetan esperientzia aberasgarriak badaudela.

Iker Manterola eta Iker Galparsoro Sakanako eta Goieki garapen bulegoko ordezkariek, hurrenez hurren, beraien eskualdeetan garatutako proiektuen berri eman zuten.

Euskal monetak duen eskarmentutik abiatuta, «tresnak prestatzea, malgutasunez, etorkizunak ekarriko dituen krisi berriei eta erronkei erantzuteko» garrantzitsutzat jo zuen Manterolak. Edozein mailatan «berrikuntza bultzatzeko tresnarik eraginkorra elkarlana dela» sostengatu zuen, bere aldetik, Galparsorok.

Udal eta enpresekin batera lan egiteaz gain, hezkuntza zentroak edo teknologia alorreko erakundeak inplikatu direla «ezagutza sortu eta negozio aukera berriak identifikatzeko» Bizkaiko eskualdean aitzineraturiko ekimenetan azaldu zuen Lea-Artibaiko Fundazioko ordezkari Leire Arrizabalagak, «betiere jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra lanabes» dutela.

Finean, urteen poderioz mozkina izatetik hondakin izatera igaro den artilea berreskuratu eta birbaloratzeko Ipar Euskal Herriko erakundeen sostenguz plantan emandako Iletegia lantegiaren bilakaeraren berri eman zuen Jean Mixel Etxeberrik.

2016az geroztik 40 artile tona berbalorizatu dituztela azaldu zuen. Ipar Euskal Herrian 500.000 ardi badirela azaldu zuen, Hego Euskal Herrian, ordea, bertze 438.000 buru badirela oroitaraziz.

Ezinbestean, Etxeberrik emandako azalpenak arreta bereziaz jaraitu zituzten berdin Gipuzkoa, Nafarroa edo Bizkaiko lan eremuetatik heldutako bertze hainbat hizlarik.

«Elkarrekin urrunago goaz»

Aitzina begira, eremuz eremu, ibilbide ezberdinen artean lotura azkarrak eta iraunkorrak ahalbideratuko lukeen sistema plantan ematea litzateke erronka nagusia.

Zergatik ez Euskal Herriko ezaugarrietara egokituriko Barter sistema plantan emanez? «Elkarrekin urrunago goaz». Horra hor Goierritik heldutako ordezkaritzak Baionan utzitako ikasgaia.

Tokiko monetari eskainitako atelierratik harago, uztailaren 18an hasi eta ostiralean, hilaren 22an, bururartu diren Mugaz Gaindiko Unibertsitatearen lehen Udako Ikastaroen amaierako mezu gisa har dezake esaldia.

«Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak - UNUM» euroeskualdeko hainbat unibertsitatek eta ikergunek 2019 urtetik hona egindako topaketen emaitza dira.

Bordeleko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Paueko unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskampus Fundazioa eta CNRS/IKER, Gipuzkoako Foru Aldundia, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Euskal Elkargoaren laguntzarekin batera burutu da topaketa.