INFO

11.500 gizonek berdintasun arloko formakuntza jaso dute Emakunderen ‘Gizonduz’ programan

Emakundek 11.500 gizonei eskaini die formakuntza ‘Gizonduz’ berdintasun ikastaroaren baitan. Nafarroan 271 izan dira sexu erasotzaileei zuzendutako terapietan parte hartu dutenak.

11.500 gizonek parte hartu dute ‘Gizonduz’ programan 2007an hasi zenetik. (GETTY IMAGES)

Emakundek ostiral honetan jakinarazi du 2007an ‘Gizonduz’ prestakuntza programa martxan jarri zuenetik 11.500 gizoni formakuntza eskaini diela berdintasunaren alorrean duten inplikazioa sustatzeko helburuz. Aldi berean, Nafarroako Gobernuak martxan jarritako sexu erasotzaileentzako eta tratu txar eragileentzako terapietan 271 erasotzaile artatu zituzten iaz.

Emakundek gogorarazi duenez, 'Gizonduz' sentsibilizazio eta prestakuntza ikastaroa doakoa da eta aurrez aurre, sarean edo modu mistoan egin daiteke. Norbanakoek zein taldeek (zerbitzuetako langileek, esaterako) eman dezakete izena.

Bi prestakuntza modalitate proposatzen ditu: banakakoa eta kolektibo edo taldeentzat. ‘Gizonduz’ programa hiru bloke nagusitan dago banatuta: lehenengoa, ‘Maskulinitatea, berdintasuna eta balioak aldatzea’; bigarrena ‘Maskulinitatea eta indarkeria matxista’; eta azkena, ‘Maskulinitateak eta arriskuen murrizketa’.

Modulu hauen barruan askotariko gaiak jorratzen dituzte, hala nola maskulinitatea; maitasuna eta berdintasun erlazioak; aitatasuna; ahalduntze prozesuak; komunikabideak; generoa eta giza eskubideak; homofobia; teknologia berriak; droga mendekotasunen prebentzioa; delituak eta kartzela.

Delituen ildotik, Nafarroako Lege eta Auzitegi Psikologiako Institutuak (PSIMAE) antolatutako programa terapeutikoa erasotzaileei zuzendutakoa izan da. Iaz inoiz baino erasotzaile eta tratu txar eragile baino gehiago artatu zituzten, 271. Hau da, 2020an baino %10,7 gehiago.

Bederatzi profesional 271 erasotzaile artatzeko

Foru Gobernuak jakinarazi duenez, PSIMAEren terapietan parte hartu duten erasotzaile gehienak, 241, indarkeria matxistaren esparrutik eraman dituzte terapiara, beste 22 emakumeen aurka burututako sexu erasoengatik eta gainerako zortziak familia barruko indarkeriarekin lotutako delituengatik.

Alabaina, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du erasotzaile hauek artatzeko osasun profesionalen taldea zazpi psikologoz eta bi psikiatraz dagoela osatuta. Testuinguru honetan, Chiviteren Exekutiboak azaldu du pertsona bakoitzak, batez beste, 9,87 saio jaso zituela urte osoan. Nafarroako Gobernuak gehitu duenez, programa terapeutiko hauek 116.810 euroko aurrekontua izan zuten iaz. 

PSIMAEk anbulatorio eta kartzeletan ematen ditu terapiak, eta hauen helburuak tratu txarrak sufritu dituen emakumearen segurtasuna bermatzea, etorkizuneko tratu txar egoerak saihestea, erasotzaileak egindakoaren ardura hartzea, autokontrol sentimentua sustatzea, komunikazio eta jarrera asertiboa garatzea eta indarkeria matxistaren inguruko kontzientzia hartzea dira, besteak beste.