INFO

Zarautzen eta Getxon hainbat emakumek ziztadak jaso dituztela salatu dute

Zarautzen eta Algortan hainbat emakumek salatu dute bart ziztatuak izan direla. Euskal Herriko hainbat herritan erregistratu dira azken asteetan eraso horiek, hala nola ostiralean Gasteizen edo Baionako bestetan.

Eraso matxista baten aurkako mobilizazioa Barakaldon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Adin txikiko bi neskak ziztadak izan dituzte aurreko gauean eta goizaldean Zarautzen, eta beste batzuek Algorta auzoan, Getxon. Lakuako Gobernuaren Segurtasun Saileko iturriek EFEri jakinarazi diotenez, Zarauzko kasuak ostiral honetako 22.00ak eta eta larunbat honetako 00.30ak artean gertatu dira, herri honetako malekoian kontzertu jendetsu bat egiten ari ziren bitartean eta ostean.

Ertzaintzak bi gertaeren berri badaukate eta neskei arreta eman zaiela badakite, bata ospitale batean eta bestea anbulatorio batean. Bietako batek salaketa aurkeztu du komisaldegian, Segurtasun Sailak Europa Press agentziari jakinarazi dionez.

Algorta auzoko San Inazio jaietan ere, Getxo udalerrian, hainbat emakume ziztatuak izan dira, Mugimendu Feministak salatu duenez. Mugimendu feministak, gaur 18.00etan, Telletxe kalean, gaitzespen elkarretaratze bat deitu du. Segurtasun Sailak adierazi du oraingoz ez dagoela salaketarik.

Getxoko Udalak ohar baten bidez adierazi duenez, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arabera ez da sumisio kimikorik jaso».

Azken kasu horiek atzo, ostiralean, Gasteizko diskoteka batean erregistratutakoei eta Euskal Herriko hainbat herritan azken asteetan izandako edo formalki salatu izan diren antzekoei gehitzen zaizkie. Baionako bestetan, bart 34 lagunek adierazi zuten ziztatuak izan zirela eta hiru gaualditan 50 bat lagunek eraso hori pairatu izan dutela salatu dute.

Lakuako Segurtasun Sailburuak, Josu Erkorekak, ostiral honetan azaldu zuen ziztada horien biktimei proba medikoak egiten zaizkiela haien eragina zein izan daitekeen ikusteko. Zalantzarik gabe, «benetakoak» direla uste du sailburuak, baina oraingoz ez dute argi zer zentzu duten horrelako erasoek, eta, beraz, ikertzen jarraitzen dute sumisio kimikoko kasuekin zerikusia izan dezaketen ala ez.

Sexu erasoa Villabonan

Bestalde, Ertzaintza Villabonako jaietan sexu abusu kasu bat ikertzen ari da. Biktimak pasa den goizaldean egin zuen salaketa eta, horri erantzunez, udalerriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du bihar 19.30etan Errebote plazan. Udaletxeak bat egin du deialdiarekin, sare sozialen bidez, parte hartzera animatuz.