INFO

Tenperatura altuengatik eta sute arriskuengatik alertak aktibatu dituzte Euskal Herrian

Nafar Gobernuak alerta laranja aktibatu du asteazkenetik aurrera herriladean, tenperatura altuengatik. Lakuak abisu horia aktibatuko du, eta baso-suteen arriskuez ohartarazi du Araban. Ipar Euskal Herria ere alerta egoeran dago, Estatu frantsean bizi duten lehorte historikoagatik. [NAIZ eguraldia]

Euskal Herria alerta egoeran dago tenperatura altuengatik eta sute arriskuagatik. (Jagoba MANTEROLA/FOKU) (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) osasunerako alerta laranja edo arrisku ertainekoa aktibatu du asteazken honetatik aurrera herrialde osoan, Ebroko Erriberan izan ezik, bertan alerta horia edo arrisku txikikoa izanen baita ostegunean, Osasun Ministerioak eta Estatuko Metereologia Agentziak (AEMET) emandako aurreikuspenen arabera.

Alerta laranjak hiru egun iraungo ditu Nafarroan, eta 18 graduko tenperatura minimoak eta 36 graduko maximoak gaindituko dira asteazken, ostegun eta ostiralean.

Egoera horren aurrean, Nafarroako Gobernuak aholkatu die herritarrei eguzkitik babestea, maizago hidratatzea, baita egarri sentsaziorik gabe ere, eta jarduera fisiko gogorragoak saihestea egunaren erdiko orduetan (12.00etatik 17.00etara), bereziki adinekoak, adingabeak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek.

Gainera, etxe barruan lekurik freskoenak bilatzea, dutxak edo bainu hotzak hartzea eta freskatzen duenean etxea aireztatzea gomendatu du Osasun Publikoak. Etxean geratzea ezinezkoa bada, leku klimatizatuetara joateko eskatu du.

Lanean, ISPLNko Lan Osasuneko Zerbitzuaren gomendioak, beroak eragindako estres termikoko egoerak saihesteko, honako hauek dira, besteak beste: lanak planifikatzea, lanik astunenak bero gutxien dagoen uneetan programatuz eta lan eta atseden zikloak ezarriz; barnealdeetan klimatizazioak eta aireztapenak behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzea; eta, kanpoaldean, itzalguneak eta hidratazio guneak prestatzea.

Halaber, egun horietan beroaren aurrean bereziki kalteberak diren langileentzako (aklimatazio faltagatik, gaixotasun kronikoengatik edo haurdun dauden langileentzat) prebentzio neurri espezifikoak zorroztea azpimarratzen da.

Langileek, bestalde, arduradunari jakinarazi behar diote inoiz osasun arazorik izan ote duten beroagatik. Eta, lanaldian zehar, lan erritmoa beroarekiko tolerantziara egokitzea, egunean zehar hainbat aldiz toki freskoetan atseden hartzea, eta burua eguzkitik babestea, besteak beste, gomendatzen du.

Sute arriskua Araban

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak abisu hori bana aktibatuko ditu astearte eta asteazken honetan EAEn, tenberatura altuengatik eta Araban baso-suteen arriskuengatik.

Astearte honetan abisua arratsaldeko ordu bietan hasi da eta gaueko bederatziak arte egongo da indarrean, tenperatura altuak direla eta. Izan ere, Arabako hegoaldean tenperatura maximoak 37 gradukoak izatea espero da, eta gainerako lurraldeetan 36 gradukoak.

Arratsaldeko ordu batetik gaueko bederatziak arte, beste abisu hori bat egongo da indarrean, hau baso-suteen arriskuagatik.

Asteazken honetan, abisu hori errepikatuko da, sute arriskuagatik, ordu tarte berean. Tenperatura altuei dagokiena arratsaldeko ordu bietatik zortziak arte luzatuko da. Tenperatura maximoak gradu bat jaitsi daitezke, 36ra Arabako Errioxan eta 35era gainerako lurraldeetan.

Iragarpenak

Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astearte honetan, abuztuaren 2an, tenperaturaren igoera nabarmena egongo da. Giro eguzkitsua gailenduko da, baina litekeena da arratsaldean barnealdean bero hodeiak agertzea. Eguerditik aurrera ipar-ekialdeko haizea sartu da kostaldean eta arratsaldean barnealdera heda daiteke.

Kostaldean 27-30 ºC-ra iritsiko da eta barnealdeko leku askotan 35 ºC-ak gaindituko dira; Nafarroa hegoaldean, izan ere, tenperatura 40 ºC-ra irits daiteke. Hiriburuetan, Baionan 19 gradu espero dira gutxienez eta 29 gehienez, Bilbon 19 gutxienez eta 30 gehienez, Donostian 17 gutxienez eta 26 gehienez, Gasteizen 13 gutxienez eta 36 gehienez eta Iruñean 18 gutxienez eta 39 gehienez.

Lehortea Estatu frantsesean

Ipar Euskal Herria ere alerta egoeran dago, frantziar Estatu metropolitarreko lurralde osoa ofizialki lehorte egoeran baitago. Parisek eta bere inguruek astearte honetan ur faltagatik alerta aktibatu dute.

Lehorte hau azken asteetan izandako eurite faltaren ondorio da. «%88ko prezipitazio defizitarekin, Frantziak inoizko uztailik lehorrena jasan du», nabarmendu zuen Christophe Bechu Trantsizio Ekologikorako ministroak Twitterren.

Metropoliko 96 departamenduetatik 57 alerta gorrian daude ur faltagatik, eta 32 alerta laranjan, Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren ohar baten arabera.

Iturri horren arabera, krisi klimatikoa da «uraren zikloa» aldatzearen erantzule nagusia. Lehorteak «gehiago eta sarriago» gertatzen dira, eta «urtean zehar gero eta goizago» hasten dira.

Gainera, azken asteetan Estatu frantesa astindu duten bi bero-bolada bortitzek areagotu egin dute lehortea, hiri askotan errekorrak hautsi dituzten tenperaturarekin. Gainera, aste honetan hasi eta ia herrialde osoan eragina izango duen hirugarren lehorteaz ohartarazi dute.

Eremu zabaletan ura ureztatzeko eta autoak garbitzeko mugak daude, eta hainbat departamentu zisterna kamioiak erabiltzera eraman ditu zenbait herri edateko urez hornitzeko, batez ere Savoia Garaiko departamentu alpinoan, alerta maximoan baitago.

Gainera, lehorteak kalte larriak eragiten ditu nekazaritzan herrialdeko eremu zabaletan. Lehorte eta kanikula gertakariek basoen lehortasuna okertzen dute, eta horrek suteak zabaltzea errazten du, arazo larria uda honetan Estatu frantseseko hainbat tokitan.

Aurreikuspen eta Zaintza Hidrologikoko Batzordea (CASH) bildu da egoera hidrologikoa ebaluatzeko eta aurten metropoli-frankan lehorteak dituen arriskuak aztertzeko.