Ezkurra II.ak erraz gainditu du Azpiroz eta Juanenearen aurka jokatuko du aurrera egitea
Binakako eguneko estelarrean, Ansa II.a eta Barrenetxea erraz nagusitu zaizkie Urriza-Juaneneari, 40-26.
Ezkurra II.ak 30-23 gainditu du Azpiroz Buruz Burukoaren final-laurdenetako ligaxkaren bigarren partidan eta Uitziko atzelaria Kutxabank Torneotik kanpora geratu da. Bi partidak galdu ditu eta aukerarik gabe geratu da azken fasera sailkatzeko. Ezkurrak, aldiz, Juanenearen aurka jokatu beharko du aurrera egitea. Biek lau puntu dituzte eta bien arteko larunbateko garaileak lortuko du sailkapena, galtzailea kanpoan geratuko den bitartean.
Ezkurra nagusi izan da Azpirozen aurka nahiz eta azkenean aurkaria markagailuan hurbildu. Hasieratik ihes egin du Ezkurrak 5-1, 12-5, 18-8 eta 24-10. Bazirudien partida berehala amaituko zela, baina atzelariak markagailuan aldeak murrizten hasi da 26-16, 27-20 eta 28-22. Hala ere ezin izan du gehiago hurbildu eta doneztebearrak lortu ditu lau puntuak.
Ezkurrak 23 tanto egin ditu piloteoan eta oso nagusi izan da arlo horretan. Sakearekin ere ongi aritu da lau tanto lortuz. Bost akats egin ditu, baina ia denak partidaren amaieran, erabakita zegoenean. Azpiroz gaindituta aritu da hasieratik. Sakearekin sei tanto lortu ditu eta 12 piloteoan. Hiru akats egin ditu. Bere ibilbidea buruz burukoan hemen amaitu da.
Ansa eta Barrenetxea, nagusi
Binakako estelarrean Ansa eta Barrenetxeak erraz gainditu dituzte, 40-26, Urriza eta Juanenea. Barrenetxea jaun eta jabe izan da atzeko koadroetan eta horren ondorioz Ansak erasokor eta ausart jokatu du. Urnietarrak ez du apenas hutsik egin eta horrek garaipena erraztu du.
Partida guztian nagusi izan dira gorriak. 14-7 aurreratu dira eta nahiz eta urdinak 14na berdindu jokoan gutxiago ziren. Bigarren aldiz lortu zuten ihes egitea gorriek, 24-17 eta abantailak handitu beste berdinketarik ez da egon.
Barrenetxeak saketik bederatzi tanto egin ditu. Bikain aritu da sakean. Piloteoan sei gehiago lortu ditu eta bi huts egite bakarrik egin ditu hernaniarrak. Ansak 19 tanto eta bi akats egin ditu, Urrizaren gainetik. Iruindarrak 15 tanto eta bi hutsekin amaitu du eta Juaneneak saketik tantoa, piloteoan lau egin eta beste lau hutsekin amaitu du.