INFO

Euskal Selekzioaren aldeko grina piztuta baina indartu beharrean dagoela agurtu da Mendi Martxa

Euskal selekzioaren mendi martxak larunbat honetan egin zuen azken etapa, behin betiko. Orain, gizartean oraindik ere bizirik dagoen grina hori indartzeko «formula bateratu» bat bilatu beharra dagoela adierazi zuten antolatzaileek.

Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa Azkoitiara iristen, azken aurreko etapan. (MENDI MARTXA)

«Hunkigarria izan da. Jende ugari etorri da azken etapara (Zestoatik Getariara bitartekoa). 130 bat pertsona bildu gara guztira», adierazi zion GARAri Txumai Iturriak, Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxaren antolatzaileak. Azken edizioko azken etapa izan zuen ibilbideak atzo eta aurreikusita moduan, «sentimendu ugari azaleratu» ziren martxisten artean. Uztailaren 30ean eman zioten hasiera ibilbideari Ajangizetik, eta Ziortza-Bolibar, Durango, Otxandio, Aramaio, Bergara, Azkoitia eta Getaria izan dira etapa bakoitzeko helmuga.

«Asko ikasi dugu Euskal Herri luze-zabalean. Azken 20 urte hauetan egindako gure lanak eman du. Oso gustora gaude mendi martxa honen emaitzekin», azaldu zuen, ofizialtasunaren aldarria bizirik mantentzen dela frogatu baitute. Mendi martxaren etapak amaiera behar zuela ikusi zuten antolatzaileek, ESAIT desagertu zenetik eragile indartsu baten falta somatu dutela onartuz: «ESAIT desagertu zenean pentsatzen genuen beste herri mugimendu indartsu bat sortuko zela bana ez da ala izan. Sortu dira eragile ezberdinak baina ez dute lortu atxikimendu gehiegirik».

Nolanahi ere, argi dauka gizartean grina badagoela, Euskal Selekzioen aldarria bizirik dagoela eta beraz, «tekla egokia» bilatu behar dela. Ez daki zein izan daitekeen, askoren arteko elkarlanetik sortu daitekeela soilik. Agerian geratu dena da azken mendi martxa honetan zeharkatu duten herri guztietan «babes oso ona» jaso dutela, bai eragile eta baita udalen aldetik.

«Selekzioen ofizialtasunaren aldarria ez da lortu baina beste modu batera atera beharko da, egoera halak eskatzen duelako, gizartea horren aldeko dela garbi adierazten duelako», esan zuen tinko.

Hausnarketarako tartea

Hogei mendi martxek eta 22 urtek hausnarketa askorako bide eman dute eta azken honetan ere, nola ez, egon da horretarako aukerarik ere –baita «unibertsitate ibiltariari» segida ematea ere–. Antolatzaile eta martxistek askotan hausnartu du hurrengo urratsa zein izan daitekeen eta ziurgabetasun asko badago ere, «bideorri» baten beharra ikusten du Iturriak. Bideorri hori, nola ez, kirolari eta instituzioen laguntzarekin ere osatu beharra dago. «Hainbat sektoretan, politikoan batez ere, ez dago garbi kirolak zein garrantzia daukan, nolako eragina daukan sentimenduetan eta nazio kontzeptuetan», ohartarazi zuen, nazio ikuspegian eragile garrantzitsua izan daitekeela ziur baieztatuz.

Hala, instituzioek helarazten duten utzikeriak nolabait indarra apaldu duen itaun eginda, Iturriak ez du zalantzarik egiten: «Bistakoa da.  Ez du batere laguntzen Futbol Federazioan gertatu den kontua. Futbol elkarte guztiek adostutakoa hankaz gora bota da, erabaki zen instantzia guztietara joatea eta horri segimendua egitea eta presidentetzatik helegiteak aurkezteari uko egitearekin, horrek urte batzuk atzeratu du horrek eduki zezakeen potentzialtasuna».

Hala ere, mezu baikorrarekin bukatu nahi izan zuen eta gizartean euskal selekzioen ofizialtasunarekiko dagoen «sentimendua» goraipatu zuen. «Hori aktibatzeko tekla egokiarekin asmatu behar dugu. Beraz, gonbita egiten diogu honen alde dauden horiei adostu eta martxan jarri dezaten. Badaude noski gauza inportanteagoak bizitzan, baina iruditzen zaigu honek ere badaukala bere garrantzia».