Donibane Garazira sartzeko seinaleetan euskara lehenesteko ekintza egin du Herribiltzak
Herribiltzak ekintza egin du astearte honetan Donibane Garazin. ‘Euskaraz bizitzeko lehenik eta nagusiki’ baieztapenarekin bat eginez hiriburuko sarrerako kartel elebidunen ordena aldatu dute, euskarazkoa lehenetsiz. Ipar Euskal Herrian 1997tik euskarak beheranzko joeran dagoela salatu dute.
Udako topaketak egiten ari da Herribiltza ekimena Behorlegin abuztuaren 8tik 14ra, eta horren baitan partaideek ekintza egin dute astearte honetan. 1997tik Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera txikitzen jarraitzen duela salatzearekin batera, seinaleztapenaren bitartez hizkuntzaren presentzia handitzeko ekintza egin dute, Donibane Garaziko sarreran dauden seinaleetan euskarazko bertsioa lehenetsiz frantsesarenaren aurretik.
Ekintzaren muina azaltzeko, hizkuntza batek, bizirik jarraitzeko «lehentasunez eta nagusiki erabiltzen den» lurralde bat behar duela aldarrikatu dute.
Horren aldeko bidean, Herribiltza ekimeneko kideak Pirinio Atlantikoetako departamentuko eta Nafarroa Behereko hiriburuko Herriko Etxeko ordezkariekin harremanetan sartzen saiatu dira martxotik, zehazki herri seinaletikari buruz mintzatzeko.
Erantzunik eza azaldu eta salatu dute: «Ipar Euskal Herriko erakunde politiko, ekonomiko, sozial eta kultural gehienek, ez diote euskarari lehentasuna eta nagusitasuna ematen, eta ondorioz gure hizkuntza heriotzara kondenatzen dute».
Euskararen aldeko politika aldarrikatu nahi izan dute, eguneroko «aktibitate guztiak euskaraz egiteko posibilitatea» izateko, eta aldi berean, hizkuntzaren aldeko zenbait urrats, erabakia hartuta errazki egin daitezkeela agerrarazi nahi izan dute ekintzan parte hartu duten kideek: «Euskarari dagokion tokia emateko, lanari lotu gatzaio Donibane Garaziko sarreran, herriaren izenaren taulak tokiz aldatu eta gainean euskarazkoa eta azpian frantsesezkoa ezarri ditugu. Ez da biziki zaila, aski da 13ko giltza bat hartzea eta taulak tokiz aldatzea».
Erakundeekin harremanik eza
Martxoan Kontseilu Nagusiari zuzendu zitzaizkion, departamentuko seinaletikan euskararen tokiaren gaia aipatzeko, baina ez zuten erantzunik jaso. Seinaleetan orokorrean euskara lehenestea eskatu zuten, azpiko tokia frantsesari utziz. Aldi berean, tokien izenei dagokienez, herrien izenaren ahoskera euskaraz eta frantsesez berdina edo berdintsua delarik, euskarazko idazkera bakarrik erabiltzea eskatu zuten.
Maiatzean kanpainarekin aitzina jarraitu zuten, eta departamentuko kontseilariei zuzendu zitzaizkien, baina berriz ere erantzunik jaso gabe.
Ekainaren 3an ‘Euskararen erabilpena Garazi aldean. Oraina eta etorkizuna’ izenburupean, bilkura publikoa egin zuten, non bi erakundeetako ordezkaririk ez zen agertu. Hilaren 19an berriz zuzendu zitzaizkien, baina ez zuten erantzunik jaso.
Bilkuran, Soziolinguistika Klusterrak, 2021ean argitaratu zuen ikerketan agertu zen datu «kezkagarria» nabarmendu zuten. Duela sei urte Nafarroa Beherean euskararen erabilera %14,6koa bazen, 2021eko neurketan, %10,5ekoa.
Egoera horrela, «Ipar Euskal Herrian euskararen erabilpenaren etorkizuna bermatzeko, urrats berriak» egin behar direla aldarrikatu dute.
Igandera bitarte egiten ari diren topaketetan ‘Independentzia eraikitzen herri autosufizientzia’ gaiari eremu eta ikuspegi ezberdinetatik heltzen ari diote.