INFO

Iraitz Zubizarretak beste bi urtez luzatu du kontratua Baiko Pilotarekin

23 urteko aurrelari ataundarrak 2020ko irailean egin zuen debuta eta 2021eko Lau eta Erdiko Promozio Txapelketako finalera iritsi zen. Kontratua berritu eta gero, ostiral honetan bertan, Amurrioko jaialdian jokatuko du aurreneko neurketa.

Iraitz Zubizarreta azpitxapeldun izan zen 2021eko Promozio Txapelketako Lau eta Erdikoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Baiko Pilota enpresak bere pilotarien koadroa moldatzen jarraitzen du. Asteazkenean bertan Arteaga II.ak irailetik aurrera ez duela jarraituko jakinarazi eta gero, Bilboko enpresak eta Iraitz Zubizarretak –Zubizarreta IIIak– akordio batera iristea lortu dute eta beste bi urtez luzatu dio kontratua 23 urteko aurrelari ataundarrari, Baiko Pilotak  bere webgunearen bidez eta pilotariak bere sare sozialen bitartez aditzera eman dutenez.

Pilotari gipuzkoarrak 2020ko irailean jokatu zuen profesional mailari zegokion bere aurreneko partida. Profesionaletara pixkanaka egokitzea lortzen jakin eta gero, orain beste bi urteko denbora izango du aurrelari ataundarrak, iazko Lau eta Erdiko Promozio Txapelketan egin zuen bezala, bere mailarik oena erakutsi eta, posible bada, final gehiagotara iristeko. Eta orduan ez bezala, akaso txapelen bat ere irabazteko.

Ondorioz, kontratua berria sinatu eta gero, Zubizarreta III.ak ostiral honetan bertan jokatuko du bere aurreneko norgehiagoka. Amurrioko jaialdiko bigarren partidan izango da eta oraintsu kontratua berritu duen Iker Larrazabal izango du aurkari aurreko koadroetan. Ataundarrak Aretxabaleta izango du atzean bizkarzain eta Iker Larrazabalek, berriz, Eskiroz.