INFO

Hirugarren garaipena lortu dute bikain moldatzen ari diren Ezkurdia-Mariezkurrenak

Hasiera beldurgarri bati esker markagailuan alde handia lortu dute CaixaBank Masterseko liderrek –0-6–, baina gorriek bere pilotarekin esnatu egin dira eta, nahiz eta bi tantora gerturatu zenbait alditan, ezin izan dute txapelketako lehen garaipena lortu eta jada ez dute beraien eskutan sailkapena.

Ezkurdiak indar handia eman dio pilotari eta 11 tantorekin amaitu du partida. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuak CaixaBank Masterseko laugarren jardunaldiko partida jaso du larunbat arratsalde honetan orain arte guztiz emaitza ezberdinak lortu dituzten bi bikoteren artean. Alde batetik, oraindik garaipenik gabe dagoen Urrutikoetxea eta Rezusta gorriz jantzita, eta beste aldean lautik hiru garaipen eskuratu dituzten Ezkurdia eta Mariezkurrena, urdinez.

Enpresa ezberdinetako bikoteen arteko txapelketa honetan gaur urdinez jantzita egon diren pilotariek hobeto moldatu direla baieztatu dute berriro ere. Joseba Ezkurdiak aurreko kaodroak dominatzen ditu bere indarraren bidez. Zarautzen beste indar erakustaldia eskaini du bi pareten bidez.

Horri atzean duen bizkartzain segurua eta indartsua osatzen duen faktore garrantzitsua gehitzen badiogu, bikote menderaezina edo behintzat irabazteko zaila bihurtzen du. Gaur 0-6 aurreratu dira ziztu-bizi batean. Aipatzekoak 0-3 eta 0-4 tantoak, Ezkurdiaren bi tanto eder: lehenengoa bi paretak ezkerrez eta airez, eta bigarrena ezkerrez zabalera dena bere alde zuela.

Hala ere, lorturiko abantaila polita hau pixkanaka apurtzen joan da. Gorriek oso defentsa ona erakutsi dute eta bere pilotarekin mina egiten hasi dira. Egia da lehen atsedenaldira 5-12 iritsi direla aurretik urdinak, baina ondoren 7-2ko partzial bat sinatu dute Urrutikoetxeak eta Rezustak, tartean Zaratamoko aurrelariak ezker gantxo zoragarri batekin egindako tanto bat egon delarik.

Urdinak esnatu egin dira berriro eta alde egin dute markagailuan 12-17raino, baina berriro bi tantoko aldea egon da Urrutikoetxearen bi tantori eta Ezkurdiaren huts bati esker. 15-17koa ere ikusi ahal izan da, baina hortxe amaitu dira gorrien aukera guztiak. Arrazoia? Ezkurdiaren bi pareta indartsuak eta atzean egindako beste tanto bat eta, gehienbat, gorrien hiru hutsak, ia aukerarik gabe utzi dietela. Are gehiago, ez dute beraien eskutan sailkapena. Urdinek, aldiz, lautik hiru garaipen lortu dituzte eta liderrak dira.

PARTIDAKO FITXA:

Urrutikoetxea-Rezusta: 16

Ezkurdia-Mariezkurrena II.a: 22

Pilotakadak: 424. Iraupena: 52:25. Markagailua: 0-6, 1-6, 1-10, 2-10, 2-11, 5-11, 5-12, 9-12, 9-14, 12-14, 12-17, 15-17, 15-21, 16-21 eta 16-22. Sakez egindakoak: 4 Urrutikoetxeak eta 1 Ezkurdiak. Jokoan egindakoak: 5 Urrutikoetxeak, 0 Rezustak, 11 Ezkurdiak eta 5 Mariezkurrenak. Hutsak: 1 Urrutikoetxeak, 4 Rezustak, 4 Ezkurdiak eta 3 Mariezkurrenak. Gertakariak: Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatu da CaixaBank Masterseko partida hau. Lehen sakea gorrien aldekoa izan da.