INFO

Bilboko Konpartsak: «Autodefentsa da gure tresna eta jadanik ez dugu beldurrik»

Eraso matxista, arrazista edo LGTBIfobikoei aurre egiteko antolatuta daudela argi utzi dute Bilboko Konpartsek protokolo eguneratuaren aurkezpenean. Berdintasuna oinarri duen Aste Nagusi inklusiboa aldarrikatu dute.

Erasoen aurkako protokoloa aurkeztu dute Bilboko Konpartsek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Garazi Askazibar eta Nerea Matute bozeramaileek astearte goiz honetan azaldu dutenez , Bilboko konpartsek «nekerik gabe» dihardute «berdintasunezko jai-gune inklusiboa eraikitzeko bidean». Erasorik gabeko Aste Nagusia nahi dute, «guztiok seguru egon eta senti gaitezkeen moduko Aste Nagusia, urteetan zehar defendatu izan dugun bezala».

«Erasoen gainetik, Aste Nagusia defendatu! Hori bera esan nahi dutelako jai hauek eta hori bera delako Aste Nagusiak defendatzen duena: guztiontzako gune alai, eroso eta segurua. Beldurrak ez du lekurik gure jaietan, ez du inoiz izan. Erasotzaile bat ere ez da ongietorria hemen», adierazi du Askazibarrek Bilboko Areatzako kioskoan emandako prentsaurrekoan.

«Errespetuz jokatzea zer den ez badakizu, gure jaietara ez etortzeko exijitzen dizugu», adierazi dute

 Pandemiaren ondorioz azken urteetan izandako etenaldiaren ondoren, Bilboko konpartsek argi dute «ezinezkoa dela jaietarako gogoa handiagoa izatea». «Baina ezin zaigu ahaztu Aste Nagusia guztion gozamenerako dela. Eta gaua gurea ere badela oso argi geratzea nahi dugu. Gurea: emakumeona, migratzaileona eta LGTBI kolektiboa osatzen dugunona. Alegia, hauek jai pluralak eta anitzak egiten dituzten guztiona», nabarmendu dute.

Konpartsek mezu argia igorri diete erasotzaile izateko marra gorria gurutzatu dutenei: «Errespetuz jokatzea zer den ez badakizu, gure jaietara ez etortzeko exijitzen dizugu Bilboko konpartsok. Ez zaitugu hemen nahi. Ez duzu lekurik gure Aste Nagusian. Erasotuz gero, aurrean izango gaituzu. Prest gaude, autodefentsa da gure tresna eta jadanik ez dugu beldurrik. Argi utzi nahi dugu aipatutako jai-eredu seguru horren bidean, irmo erantzungo diogula edozein motatako erasori: matxista, arrazista edo LGTBlfobikoa izan».

Erasoei laguntza eta elkar zaintza

Askazibarrek eta Matutek gogorarazi dutenez, Bilboko Konpartsek erasoen aurkako lantalde bat daukate, protokolo espezifiko eta propioarekin.

Konpartsek euren kideen laguntza eta babesa eskaini diete erasoren bat pairatu dezaketen pertsonei. «Jakinarazi nahi dizuegu erasotua izanez gero, konpartsakideok antolatuta eta ekiteko eta laguntzeko prest gaudela. Beraz, inolako erasoren aurrean edota inolako laguntzarik behar izatekotan, ez itzazu dudarik izan eta edozein txosnara jo. Hemen, elkar zaintzen dugu», azaldu dute.

Azkenik, Askazibarrek iragarri du, urtero bezala, Bilboko Konpartsek bilbotarren elkartasunari helduko diotela, protokoloa aktibatzekotan, bat egin dezaten antolatutako mobilizazioekin. Erantzuna erasoaren larritasunaren araberakoa izango da, baina hasiera batean, Arriaga plazan mobilizazioa egingo da 19.00etan.

Gainera, eraso bat salatu bezain laster, txosna guztiek zerbitzatzeari utziko diote eta itxita egongo dira mobilizazioak iraun bitartean. Gainera, 00.00etan kazerolada izango da, zeinetan txosnak eta programatutako ekintzak 20 minutuz etengo diren.

Ziztaden aferari dagokionez, konpartsek adierazi dute beste eraso bat bezala hartuko direla, «sumisio kimikoa» egon ala ez. «Beldurra eragitea erasoa da ere», azpimarratu dute.