INFO

Gernikako Grand Slama eta zesta puntaren jaia Olharan eta Lopezek borobildu dituzte

15-14, 10-15 eta 5-2 nagusitu dira gorriak Goikoetxea eta Basqueren aurka, eta txapelketa osoan norgehiagokarik galdu gabe, 2017an bezala, txapeldun suertatu dira. Urdinak hotzago hasi badira ere, kitarakoan bina berdindu arte garaile izateko aukera guztiak izan dituzte.

Olharan eta Imanol Lopez, alaba besoetan, pozarren Grand Slama eskuratuta. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gernikako Jai Alai frontoia leporaino bete da astearte honetan San Roke egunez Gernikako Grand Slameko final nagusia ikusteko. Ikuskizunak nahikoa asebete ditu bertara hurbildu direnak, jo ona eta emozioa ia azkeneraino izan baitira. Azkenean, 2017an lortu zuten bezala, Paueko Jean Olharan eta Imanol Lopez zumaiarra nagusitu dira Iñaki Osa Goikoetxea –Zumaiakoa hau ere– eta Thibault Basqueren –Bidarteko semea– aurrean: 15-14, 10-15 eta 5-2 izan da azken emaitza. Hala, txapeldunek lehiaketa guztian partida bakar bat galdu gabe irabaztea lortu dute.

«Partida guztiak irabazteko sufritu egin behar da, baina gaurkoan are eta gehiago», aitortu du Imanol Lopezek neurketaren amaieran. «Zesta apurtu zait aurreneko seteko zortzigarren tantoan eta orduz geroztik estrategia aldatu egin behar izan dugu, zestaz beraz gain, eta zaila izan da handik aurrera moldatzea».

Ez zirudien halakorik hasiera batean, ordea. izan ere, Olharan eta Lopez 6-0 eta 8-1 aurreratu dira lehenengo set horretan. Iñaki Osa Goikoetxea atzean uztea lortu dute eta Basqueren urduritasuna baliatzen jakin dute aldea ateratzeko.

Alabaina, Imanol Lopezek zesta aldatu eta gero Goikoetxea jokoan sartzen hasi da eta aurrean tanto eder askoak pilatzen ere bai. «Aspaldiko partez besoan minik ez dut sentitu eta eskuina sarritan erabili ahal izan dut», aipatu du zentzu horretan aurrelari zumaiarrak. Hala, atzetik aurrerako lan ederra egin eta gero, 12na berdindu dute urdinek eta 12-13 aurreratu ere egin dira. Hala ere, gorriek ez dute etsi eta 14na zihoazela eusten jakin dute eta Goikoetxeari berari goregi joan zaion pilotakada bati esker 15-14 irabazi dute aurreneko seta.

«Aurreneko setean agian Thibaultek –Basquek– urduritasuna antzeman du, baina gero bikain jokatu du eta horrela iritsi gara kitarakoa jokatzera», gaineratu du Goikoetxeak. «Azkenean galdu arren, nik neuk kantxan ikaragarri gozatu dut, ez finalean bakarrik, txapelketa osoan baino, eta gainera, halako giroa bizi ahal izatea ez da diruz ordaintzen», gaineratu du aurrelari gipuzkoarrak.

Izan ere, 1.800 sarrerak aspaldi saldu zituen Gernikako Jai Alai frontoiak eta merezi bezala erantzun dute pilotariek. Bigarren setean, hala, urdinak nagusi izan dira, batez ere setaren erdialdean abantaila hartu dutenez geroztik. Hala, 10-15 gailendu dira eta, bada, Grand Slameko final handia kitarakoan erabaki behar izan da.

Hasteko 2-0 aurreratu dira Olharan eta Lopez, baina berehala berdindu dute urdinek. Une horretan inor gutxik usteko zukeen azpitxapeldunek ez zutela tanto bakar bat gehiago egiterik lortuko, baina hala izan da. Gorriek aurkarien akatsak bilatzen jakin dute eta Basqueri petraltzera zihoakion pilota bat airez hartzeko ustean, azken tantoan ihes egin dio pilotak Goikoetxeari. Bada, 5-2koa Olharan eta Lopezentzat eta txapela burura.

«Txapelak garrantzia dauka, baina kantxan gozatzeak askoz gehiago», adierazi du, hala, ere, Imanol Lopezek neurketaren ostean Atzelari zumaiarraren aburuz, «emaitzak gozatzen duzulako datoz azkenean. Gainera, Gernikakoa lako frontoi batera etortzea beti da berezia eta zestak azken denbora hauetan bizi duen iraultza honen barruan gaude oraindik, eta hori da besteren gainetik inporta duena. Zesta punta ezagutzen ez zuen gero eta zale gehiago datoz frontoietara eta horrek balio du. Du tarta horren zati bat gara; beharrekoak, nozki, baina batez ere kirol hau gero eta handiago izan dadin».