INFO

20 urtetan mundu osoko baso suteak bikoiztu egin dira

Azken bi hamarkadetan Rusiak, adibidez, 53 milioi baso hektarea galdu ditu, frantziar Estatuaren azaleraren parekoa. Brasilek, 9,5 milioi hektarea eta Boliviak, 1,6. 2001etik suteek 3 milioi hektarea erre dituzte urtero, Belgikako azaleraren baliokidea eta kopuru hori goraka doa. 

Imagen tomada en uno de los incendios activos en Portugal. (Patricia de Melo Moreira | AFP)

Baso suteak bikoiztu egin dira mundu osoan azken 20 urteetan, bereziki taigetan, «ziurrenik» klima aldaketaren ondorioz, asteazken honetan argitaratutako ikerketa baten arabera. Egoera bereziki dramatikoa da Errusia bezalako herrialdeetan, iaz aurrekaririk gabeko suteak izan baitziren, eta ‘El Niño’ fenomenoak, berriz, Latinoamerikako baso masaren galera areagotu du, Global Forest Watch (GFW), World Resources Institute (WRI) eta Marylandeko Unibertsitatearen txosten bateratuak azaldu duenez.

2001ekin alderatuta, azken bi hamarkadetan suteek 3 milioi hektarea erre dituzte urtero, Belgikako azaleraren baliokidea. Sugarrek irentsitako azaleraren %70 iparralderago dauden basoetan kontzentratzen da, Errusia, Kanada eta Alaskako eskualdeetan, orain arte planetako karbono depositu handienak direnak. Errusiak 53 milioi hektarea galdu zituen azken bi hamarkadetan, frantziar Estatuaren azaleraren parekoa.

Baina Brasilen ere egoera dramatikoa da, 9,5 milioi hektarea galdu baititu azken 20 urte hauetan, munduko guztizkoaren %15. «Galera horien bi heren baso primarioetan gertatzen dira, karbono eta biodibertsitate erreserba garrantzitsuak baitira», azaltzen du testuak. Era berean, Boliviak 1,6 milioi hektarea galdu ditu azken bi hamarkada hauetan.

Marylandeko Unibertsitateko ikertzaileek sateliteak erabilidituzte erretako azalera zehazteko. Ikerketaren arabera, suteak mende hasieratik munduan izan den baso masaren galera osoaren laurdena dira. Gainerakoa baso soiltzeak edo arrazoi naturalek eragiten dute, ekaitzak eta uholdeak, besteak beste.

Suteek eragindako baso galerak %4 egin du gora urtero mundu osoan, hau da, 230.000 hektarea gehiago urtez urte. Eta hazkunde horren erdia inguru taigetako sute garrantzitsuenek eragin dute. «Ziur aski iparraldeko eskualdeetako berotzearen emaitza», gaineratu dute ikertzaileek.

Europan, Copernicus satelite bidezko monitorizazio-zerbitzuak joan den astean ohartarazi zuen baso suteak errekorretara iritsi direla aurten. Dozenaka mila hektarea galdu dira frantziar eta espainiar estatuetan, baita Portugalen ere. Klima aldaketa hazkunde horren «funtsezko faktorea da, ziurrenik», insistitzen du ikerketak.

Kanikulak, basoak lehortu eta sugarren mehatxuaren aurrean ahultzen dituztenak, duela mende eta erdi baino bost aldiz probableagoak dira gaur egun. Eta sute horiek berotegi efektuko gasen isurketa areagotzen dute aldi berean, eta horrek «atzeraelikatze zikloa» eragiten du.

CO2-a askatzearen arriskua

«Eskualde boreal horietan, CO2a ehunka urtez pilatu zen lurrean eta geruza heze batek babestu zuen», azaldu dio AFPri James McCarthy GFWko analistak. «Sute hauek, ohikoagoak eta larriagoak, goiko geruza erretzen dute eta CO2 hori askatzen dute», gaineratu du.

Ikerketak ohartarazten duenez, dinamika horrek eragin dezake, epe ertainean, baso borealek karbono erreserba izateari uztea. Ikertzaileek gobernuei eskatu diete basoen babesa indartzeko eta baso soiltzeari aurre egiteko. «Basoak klima aldaketaren aurkako defentsarako biderik onenetako bat dira», dio McCarthyk.