INFO

Festetan izandako «eraso faxistak» gaitzetsi dituzte Leitzan

Leitzako Txozna Batzordeak deituta, pasa berri diren herriko jaietan izan diren «eraso faxistak» salatzeko elkarretaratzea egin dute ostegun honetan.

Leitzako Txozna Batzordeak deitutako elkarretaratzea. (NAIZ)

‘Faxismoari stop’ zioen pankarta baten atzean elkartuta egin dute elkarretaratzea, ostegun honetan, Leitzako bizilagunek, amaitu berri diren herriko festetan jazo diren erasoak salatu asmoz.

Txozna Batzordetik azaldu dutenez, abuztuaren 9ko gauean, jaiak hastear zeudela, beheko txoznari egin zioten eraso, bertan pintura gorria botaz eta «muerte a los terroristas» idatziz.

Hurrengo egunak eraso berririk gabe pasa zirela adierazi dute, «festetako azken eguna iritsi zen arte»: abuztuaren 15ean, gauez, beste mezu bat utzi baitzieten atean idatzita. Kasu horretan, herritar bati eta haren familiari zuzendutako mehatxu bat zen.

Bi eraso horien argazkiak sare sozialen bitartez zabaldu dituzte.

Hala, ostegun honetan egin duten protestarekin, erasoa jaso duen herritarrari zen haren sendiari elkartasuna adierazi nahi izan dio Txozna Batzordeak. Aldi berean, «Euskal Herria hainbestetan erasotu duen eta erasotzen jarraitzen duen faxismo espainiarra salatu» dute.

Argi utzi nahi izan dute «ez dugula eraso faxistarik onartuko eta horrelakoak berriro gerta ez daitezen borrokan jarraituko dugula».