INFO

Diru truke migratzaileei muga pasatzen laguntzea leporatuta hiru pertsona atxilotu dituzte

Guardia Zibilak eta Polizia frantsesak elkarlanean eginiko operazio baten ondorioz, hiru pertsona atzeman dituzte, migratzaileei diru truke Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatzen laguntzea leporatuta.

Atxilotuetako bat, Guardia Zibilaren eta Polizia frantsesaren agente banarekin. (BARNE MINISTERIO ESPAINIARRA)

Gobernu espainolaren EAEko ordezkaritzak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, Gipuzkoan eta Nafarroan pertsona bana atxilotu ditu Guardia Zibilak eta hirugarren bat mugaz bestalde atzeman du Polizia frantsesak.

‘Trolley’ izeneko operazioaren baitan, Beran (Nafarroa) etxe bat ere miatu dute agenteek. Bertan, bi telefono mugikor, bi ordenagailu eramangarri eta GPS nabigatzaile bat konfiskatu dituzte. Ikerketa-unitateek aztertuko dute horien edukia.

Betiere aipatutako iturriak zabaldutako informazioa arabera, orain desegindakotzat jo duten ustezko erakundeko kideek Afrikako iparraldetik eta mendebaldetik Iberiar Penintsulara iritsitako migratzaileekin jartzen ziren harremanetan, eta muga zeharkatzen laguntzen zieten, horretarako baldintza eta prezioak ezarriz.

Guardia Zibilak adierazi duenez, muga pasa aurretik «ibilgailu-etxebizitza» batean ezkutatzen zituzten pertsona horiek, eta bideari ekindakoan segurtasun neurriak hartzen zituzten Poliziak harrapa ez zitzan.

Behin muga igarota, pertsona horiek Hendaia, Baiona eta Bordelera eramaten zituzten nagusiki.

Barne Ministerio espainiarraren esanetan, atxilotutakoek 40 bat bidaia egin dituzte mugaren alde batetik bestera azken lau hilabeteotan, horietako bakoitzean hiru edo lau lagun eramanez.

Auzia eta atxilotutakoak Iruñeko Instrukzioko 5. Epaitegiaren esku utzi ditu Guardia Zibilak.