INFO

Covid-19aren kontrako neurririk gabe hasi nahi dute agintariek ikasturtea

Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan covid-19ari lotutako murrizketak bertan behera geratuko dira ikasturte berrian. Nafarroak ere helburu berbera dauka, lehendakariak eta Gobernuko bozeramaileak aurreratu dutenez.

Ordiziako Institutuko 2020ko maiatzeko irudia. (Jon URBE/FOKU

Ipar Euskal Herriko ikasleek covid-19ari lotutako inolako murrizketa edo neurririk gabe hasiko dute ikasturte berria eta badirudi Nafarroan ere bide berdinaren alde egingo dutela, osasun egoerak ahalbidetzen badu.

Hezkuntza eta Osasun ministerio frantsesek irailaren 1etik aurrera ikasgeletan aplikatuko den protokoloa helarazi zieten pasa den asteartean Ipar Euskal Herriko hezkuntza-sindikatuei, covid-19ari lotutako murrizketak ezabatuko direla konfirmatuz.

Horrek esan nahi du, Hezkuntza Ministerioak argitaratutako zirkularraren arabera, eskolak presentzialak izango direla maila guztietan eta ez dela neurririk hartuko irakaskuntzarako edo jarduera osagarrietarako espazioak mugatu edo berrantolatzeko, ezta segurtasun distantziak mantentzeko ere.

Halaber, maskara ez da derrigorrez erabili beharko, nahiz eta Hezkuntza Ministerioak aurreikusten duen babes-material hori eta listu-testak bidaliko dituela ikastetxeek eskatzen badituzte, kurtso hasieran bederen.

Nafarroa ere, norabide berean Agintariek ez dute oraindik konfirmatu 2022-2023 ikasturtea covid-19ari aurre egiteko murrizketez libre hasiko dela, baina norabide horren alde egingo dutela dirudi. Maria Chivite Nafarroako lehendakariak astelehenean aurreratu zuen uste duela Osasun eta Hezkuntza sailek pasa den kurtso bukaeran indarrean zeuden neurri guztiak ezabatuko dituztela. Nagusiki, bizikidetza-unitateei eta jantoki-zerbitzuari eragiten zieten prebentzio-neurriak aplikatzen ziren ikastetxe nafarretan pasa den apirilean. Orain, horiek ezabatzea baloratzen ari dira.

«Nire ustez erabakiren bat hartuko da, baina Hezkuntzak eta Osasunak jakinaraziko dute. Ikusten ari gara intzidentzia jaisten ari dela, ospitalizazioak jaisten ari direla eta, beraz, beste fase batean gaude», esan zuen Chivitek.

Zentzu berean hitz egin zuen atzo Javier Remirez Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak, esanez Gobernua maila orokorrean «neurriak arintzearen» alde dagoela, baita hezkuntzan ere: «Osasun Saila eta Hezkuntza Saila helburu hori lantzen ari dira, baina, adierazi dudanarekin bat etorriz, eta betiere osasun publikoko adituen jarraibideen arabera, ikasleek eta irakasleek ikasturte osoan, ezpada normaltasun osoa, normaltasun ia osoa izango duten helbururantz joko dugu».

Covid-19aren pandemian zehar aplikatutako osasun-neurriak eta murrizketak gehien pairatu zituzten sektoreen artean da hezkuntza, horrek tentsio handiak eragin zituelarik. Hala ere, pasa den apirileko azken astean bertan behera geratu zen neurrien gehiengoa Nafarroan, maskara erabiltzearen derrigortasuna barne.