INFO

Donostian 542 zuhaitz erraldoi mozten hasi direla salatu du Parkea Bizirikek

180 zuhaitz Udalaren lursail batean daude eta beste 362ak Foru Aldundiaren aldameneko beste lursailean. Jendartearen eskakizunei entzungor egitea leporatu die Parke Bizirik plataformak instituzioei.

Donostian 542 zuhaitz gutxiago egonen direla salatu dute. (Parkea Bizirik)

Parkea Bizirik plataformak Donostian 542 zuhaitz erraldoi mozten hasi direla salatu du. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, 180 zuhaitz Udalaren lursail batean daude eta beste 362ak Foru Aldundiaren aldameneko eremuan.

«Agintariek ez diete jaramonik egin zuhaitzak ez botatzeko jendearen eskariei. Ekologiako zinegotzia eta Ingurumeneko foru diputatua ez dira borrokatu zuhaiztia babesteko, eta beren isiltasunekin arborizidioa bultzatu dute», salatu dute.

Era berean, azpimarratu egin dute bertan «inork eskatu ez duen saihesbiderako irteera bat» eraiki nahi dutela. Zentzu horretan, gogora ekarri dute 2021eko irailean, udal eta foru gobernuburuek adierazpen publikoen bidez ingurumenean ez zela kalterik izango berretsi zutela.

«Udal gobernuak hiriko trafikoaren zarataren mapa argitaratu berri du eta, hain zuzen ere, saihesbiderako sarbidea eraiki nahi den lekua hirian zarata kutsadura gehien duten hiru eremuetakoetako bat da, bizilagunen osasunaren kalterako», nabarmendu dute.

Bestetik, 2020ko martxoaren 17tik, Donostia «larrialdi klimatikoko egoeran» dagoela ere adierazi dute. «Erregistroak daudenetik, 2022k tenperatura maximoen errekorrak goia jo du eta bero-boladak pertsona askoren heriotza eragiten ari dira. Zergatik ebaki zuhaitzak hiriko tenperatura moteltzen badute?», galdetu diete instituzioei.

«Menuak jada ez du balio, eta nazioarteko komunitate zientifikoaren eta Nazio Batuen  Erakundearen beraren jarraibideen aurka dago. Benetan nahi al dugu donostiarrok hiri paisaiaren galera handiagoa, zementu eta artifizializazio gehiago, zarata, kutsadura atmosferikoa, garraio pribatuaren sustapena eta erregai fosil gehiago erretzea?», insistitu dute.