Federico Eduardo Gallo izango da Ampo Ordiziako entrenatzailea
35 urteko argentinarrak hamabi urte daramatza entrenatzaile lanetan. Besteak beste, Union Rugby Buenos Aireseko 17 urtez azpiko hautatzailea izan da, baita URBA top 12ko txapeldunordea ere. Arturo Rivas izango da bigarren entrenatzailea eta Iñigo Marotias, berriz, kirol zuzendari lanetan ariko da.
Federico Eduardo Gallo argentinarra izango da datorren denboraldirako Ampo Ordiziako entrenatzailea, talde goierritarrak iragarri duenez. Orain arte entrenatzaile izan den Iñigo Marotias kirol zuzendari lanetan ariko da, ekainean iragarri zuen bezala.
Federico Gallo 35 urteko entrenatzailea, Marotiasen ordezko aspalditik zebilen bolo-bolo sare sozialetan, baina artean Ampo Ordiziak ez du ofizial egin, une egokienaren zain.
Argentinarrak hamabi denboraldi daramatza entrenatzaile lanetan. Besteak beste, Union Rugby Buenos Aireseko 17 urtez azpiko hautatzailea eta Top 12ko URBA lehiaketako txapeldunordea izan da. Gainera, kontuan hartu beharreko esperientzia gisa, azken urteotan San Isidro Club delakoan aritu da defentsa eta aurrealdea entrenatzen.
Federico Gallok Arturo Rivas –Ampo Ordiziako jokalari izana bera ere– andaluziarra izango du lagun Ordizian, bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisiko lanetan. Talde ordiziarrak orain arte erakutsitako ildo beretik jarraituko duen bikotea izateko itxura dauka. Gogoratu behar da joan den denboraldian Iñigo Marotiasek zuzentzen zuen taldeak Ohorezko Mailako liga erregularreko laugarren postuan bukatu zuela eta, titulurako play-offak jokatu ondoren, finalera iritsi zela, nahiz eta bertan Santboianaren aurka 23-14 galdu.