INFO

Bera Berak Summer BAG txapelketa irabazi du, liga hasi aurreko azken lagunarteko proba

Bera Berak Atletico Guardes eta Benfica gainditu ditu ostiral eta larunbatez Leonen jokatu den lagunarteko txapelketan. Talde portugaldarra finalerdietan hartu zuen mendean (43-29) eta finalean, A Guardako taldearekin neurtu ditu indarrak, honek egun bat lehenago Aula Valladolid kaleratu ostean.

Bera Berako jokalariak Summer BAG txapelketako garaikurrarekin garaipena ospatzen. (BERA BERA)

Datorren ostiralean abiatuko da eskubaloiko Ohorezko Maila. Bera Berak irekiko du denboraldi ofiziala, Malagaren aurkako lehiarekin. Dema horretara ahalik eta ondoen prestatuta iristeko, 8 lagunarteko jokatu ditu Imanol Alvarezen taldeak eta oraingoz, soilik porrot bat jaso du, Celles sur Bellen jokaturiko Ikast danimarkarren aurkako neurketan, alegia.

Hala, azken bi lagunartekoak jokatu aurretik ere, teknikari ermuarrak denboraldi-aurrearen «balorazio positiboa» egin zuen eta ostiral eta larunbat honetan jokaturiko beste bi partida irabazita, are hobeak izango dira taldearen sentsazioak. Summer BAG txapelketa irabazi du Bera Berak, 2018. urtean, Donostiako taldeak, Aula Valladolidek eta Atletico Guardesek, elkarlanean, sortuiko torneoa. Denboraldi-aurreko lagunarteko partidei maila bat gehiago eransteko asmoz sortu zen nazioarteko txapelketa eta aurtengoan, Benfica portugaldarra izan da gonbidatua. Leongo Villacelama udalerrian jokatu da.

Bera Beraren aurkaria izan zen Benfica finalerdietan eta nagusi izan ziren donostiarrak. Portugalgo liga eta Kopako txapelkdunak dira portugaldarrak, eta European Cup txapelketako bigarren kanporaketa jokatu behar du; beraz, maila handiko arerioa zen. Garaipen landua eskuratu zuten gipuzkoarrek (43-29), batez ere bigarren zatian bideratu zena.

Larunbat honetan, txapelketako finalean, arerio ezagunaren aurka neurtu dituzte indarrak. Atletico Guardes galiziarrak azken Kopako edizioko finalerdietan mendean hartu zuten Bera Bera eta ligan beti izan da arerio arriskutsua. Lagunarteko partidek ondorioak ateratzeko balio gutxi duten arren, liga hasierara begira taldea nola dagoen ideia bat egiteko balio du. Bera Berak 25-16 irabazi du, defentsako lanean kasik bikaintasuna erdietsita.

Hain arerio indartsuak 60 minutuan 16 gol sartzea ez da lorpen makala are gehiago, atsedenaldirako galiziarrek 9 gol egin dutenean. Hau da, bigarren zati osoan soilik 7 gol sartu dutela. Beraien defentsa ere indartsu hasi da lehen zatian, atean Sempere zela.

Bera Beraren defentsako lanak bere fruituak eman ditu, Silvaren geldituek ere lagundu dute hortan. Donostiarrek korrika egin ahal izan dute eta orduan hautsi da partida (20-13, 45. minutuan) eta bukaeraraino errenta mantendu ez ezik, handitu ere egin du Bera Berak –tartean kanporaketa bikoitza jasan arren–. 

Ostiralean 18.15etan Gaskan estreinatuko da Bera Bera, Malagaren aurka. Hilaren 30ean, taldearen aurkezpen ofiziala ospatuko da Miramar Jauregian (19.00etan).

Anaitasuna, txapeldunorde

Iruñean, bestalde, Helvetia Anaitasunak lehen aldiz antolatu duen nazioarteko txapelketa jokatu da egunotan. Talde iruindarrak finalerako txartela eskuratu zuen ostiralean Billere Handball taldea kanporatzean (29-26) eta finalean, Fenix HBren aurka neurtu ditu indarrak.

Anaitasunak aurpegia eman du une oro baina ezin izan du garaipena eskuratu talde frantsesaren aurka (32-40), zeina lehen edizioko txapeldun izendatu den.

Hirugarren postua lortzeko lehia oso estua izan da. Azkenean, Billere Handballek lortu du, Creteile Handball 27-25 markagailuarekin garaituta.

Berdinketa Bidasoa Irunek

Bidasoa Irunek ere lagunartekoa jokatu du larunbat honetan, Torrelavegaren aurka, Zumaian. Jacobo Cuetarak zuzendutako taldeak berdindu egin du talde kantabriarraren aurkako deman.

Indartsu hasi dira gipuzkoarrak eta atsedenaldira lau goleko aldearekin joan dira (18-14) eta bigarren zatian indarrak gehiago parekatu dira. Hainbeste, 60. minutura talde bakoitzak 27na gol sartuta iritsi baitira.