INFO

Pilotalekuan ere Aste Nagusia azkeneraino zukutu nahi izan dute Laso eta Mariezkurrenak

Final handi batean Elezkano eta Zabaleta 16-9 aurreratu badira ere, Baikokoek buelta eman diote markagailuari Bilboko feria tanto bakarraz irabazteko.

Lau pilotariek ikuskizun ederra eskaini dute Bizkaia pilotalekuan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Festa gunetik urrun xamar geratzen da Miribillako Bizkaia pilotalekua eta gainera aldapa piko xamar bati egin behar zaio aurre, baina ordu batzuetan Areatzako txosnagunea utzi eta frontoirako bidea egin duten 1225 pilotazaleek ez dute damurik izango, azken egunetan pilatutako nekea handia bada ere, parrandazale onenek bezala, azkeneraino zukutu izan nahi baitute Laso-Mariezkurrena eta Elezkano-Zabaletak Bilboko pilota feria. Azkenerako, partida oso gora-beheratsu batean –urdinak 9-16 ere joan dira aurretik– Baikokoak gailendu dira tanto bakar baten aldeaz, baina ia hori izan da gutxienekoa, zenbait urtetan oso sarrera eskasak izan ostean, pilotalekura gerturatutako milatik gora zaleek oso partida eder eta borrokatuaz gozatu ahal izan dute eta.

Gainera, akats batzuk ere izan badira ere, bi aldeetatik ondo jokatutako partida izan da gaurkoa eta ia gehienetan txalo eta begirada gehienak aurrelariengan jartzen baditugu, Mariezkurrena eta Zabaleta bezalako bi atzelarirekin ere zenbait goza daitekeen argi geratu da, biek ere partida handia jokatu baitute.

Oreka hautsi

Baikokoak faborito garbi bezala irten badira ere, lehia oso orekatua izan da bere hasierako txanpan eta zazpinako berdinketaren ostean urdinak izan dira markagailuaren eta jokoaren agintea hartu dutenak. Aurreko igandean Zarautzen –Altunaren lesioarekin– ezinean aritu bazen, gaur Zabaleta bere mailarik onena berreskuratzeko gai izan da Mariezkurrenaren parean eta aurrean Danel Elezkanok bikain lagundu dio. Aukerak garesti izaten ari dira Zaratamokoarentzat uda honetan, baina heldu zaionean berea emateko gai izan da bizkaitarra. Errematean zorrotz aritu da eta 9-16 aurreratzea ere lortu dute Aspekoek, finala, ustez, euren aldera bideratuz.

Baina Lasok eta Mariezkurrenak ere ez diote elkarrekin irabazteko aukera bakanetako bati horren erraz ihes egiten utzi nahi izan. Enpresatik at utzi nahi izan zituzten horien etxean euren burua nolabait aldarrikatu nahi izan dute eta aitaren batean markagailuari buelta eman diote, 17-17 berdinduz lehenengo eta 21-19 aurreratuz ondoren. Finalak, ordea, goia hortik aurrera jo du, Elezkanok eta Zabaletak ez dutelako euren azken hitza esan nahi izan eta finala 21-21 berdintzea lortu dute, nahiz eta azken tantoan Unai Lasok atzera jotako pilotakada luze bati esker, garaipena nafarrentzat izan den.

 

FITXA TEKNIKOA:

Laso-Mariezkurrena: 22

Elezkano-Zabaleta: 21

Pilotakadak: 637. Iraupena: 85 minutu. Markagailua: 1-0, 4-4, 5-4, 5-6, 7-7, 7-12, 8-14, 9-15, 10-16, 14-17, 17-17, 17-18, 19-19, 21-19, 21-21, 22-21. Egindakoak: 9 Lasok, 5 Mariezkurrenak, 9 Elezkanok eta 2 Zabaletak. Galdutakoak: 7 Lasok, 3 Mariezkurrenak, 4 Elezkanok eta 4 Zabaletak. Gorabeherak: 1225 ikusle Bilboko Bizkaia pilotalekuan.