BASE saltoa; Ikaroren ametsa
Munduko kirolik arriskutsuena izatearen ospea du BASE saltoak, eraikin, antena, zubi eta mendietara igo eta horietatik paraxutez salto egitean datzana.
Prentsari begirada bat botaz gero erraza da identifikatzea zeintzuk diren kirol ezagunenak, egunero guztien ahotan daudenak eta haurrek eskolako patioan jokatzen dituztenak. «Bigarren mailakoak» ere erraz samar identifika ditzakegu, jende gutxiagok praktikatu arren nahiko ezagunak baitira oro har, edozein herritan baitago talde bat edo beste. Eta azkenik, beste multzo batean, kirol garestiak, praktikatzeko zailak edo arriskutsuak direnak daude. Kirol horietakoren bat egiten duen norbait ezagutzen dugunean, liluraz begiratu ohi dugu, rara avis bat izango balitz bezala, eta galdera pila bat egiteko irrikitan egoten gara.
Bada, ezohiko kirol horietako bat da BASE saltoa, «munduko kirolik arriskutsuena», askoren iritzian. Izan ere, urtero heriotza gehien eragiten dituen kirola da. Horrek ez du esan nahi praktikatzen dutenak kamikaze hutsak direnik; bizitza maite dute, eta horregatik bizi dute aske. Ahal duten neurrian segurtasunez egiten dute salto amildegietatik zein eraikin altuetatik, segundo batzuez hegan ari direla sentitzeko, Ikaroren ametsa betetzeko.
Asier Usategi 37 urteko bilbotarrarekin bildu gara berak gehien maite duen kirolari buruz ditugun zalantzak argitzeko. Kirol lesioak sendatzen dituen fisioterapeuta eta osteopata da ogibidez Usategi. 2008an hasi zen aireko kirolak praktikatzen, beste lau lagunekin batera parakaidismo ikastaro bat egin zuenean. «Aspalditik ginen naturan praktikatzen diren kirolen maitaleak: eskalada, barrankismoa, eskia, snowboarda, alpinismoa... Horregatik hasi ginen parakaidismoarekin, lagun artean ondo pasatzea gustatzen zaigulako», kontatu digu.
Ordutik 300 salto baino gehiago egin dituzte elkarrekin Europa osoan zehar, eskola ugaritan, eta, pixkanaka-pixkanaka, modalitate desberdinak probatzen joan dira euren gaitasunak hobetzen joan diren heinean. Euskal Aire Kirolen Federazioak 541 bazkide ditu Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, honako modalitateotan: parapentea (300 federatu), aeromodelismoa (160), parakaidismoa (70), motor bidezko hegaldia (15), ultrarina (10) eta paramotorra (8). BASE saltoa ez dago euskal federazioaren barruan, eta, ondorioz, asegurua izan nahi duten kirolariek Estatu frantseseko mendi federazioan eman behar dute izena.
Legediari dagokionez ere gauzak ez daude batere argi. Hala, Estatu frantsesean zein espainolean «legalak, alegalak eta ilegalak» diren saltoak daude, horregatik, aldez aurretik ondo informatzea garrantzitsua da. «Euskal Herrian parapente zein eskaladako araudietara lotuta gaude. Txoriak agertzen diren lekuan ez dugu saltorik egiten», azpimarratu du kirolariak.
Adrenalina eta zirrara. Bilbotarraren arabera, salto egiten ikasteko leku aproposetara jo beharra dago. Bere ustez, tokirik onenak Estatu frantseseko Verrieres eta Millau zubiak dira (azken hori Europako altuena da 343 metrorekin). Oztopo gutxi dago inguruan eta horregatik seguruagoa da lur hartzea. Bertan ondo entrenatzea gomendatzen du Usategik hurrengo pausoa eman aurretik. Ondoren, Brento (Italia), Lautterbrunen (Suitza) eta Norvegiako fiordoak aholkatzen ditu. «Hori da niri gehien gustatzen zaidan salto mota, mendietako amildegietatik salto egitea –aitortu du–. Txikitatik joan izan gara mendira, eta nork ez du inoiz amestu hegan jaistearekin?». Modalitate horri ‘Hike & fly’ deitzen zaio eta Euskal Herrian egitea posible da –Sopelan, Urduñan eta Urkiolan–, betiere leku bakoitzeko araudia kontuan izanik. Toki bakoitzeko baldintzen berri sare sozialetan erraz aurki daitekeela dio Usategik.
«Salto egiten duzun bakoitzean sentsazioa desberdina da. Prestakuntza, norekin zauden, azkenengoz salto egin zenuenetik igaro den denbora, eguraldi baldintzak, salto berria den, salto teknikoa den... Horiek guztiak faktore oso garrantzitsuak dira», azpimarratu du.
Usategik hiru momentu desberdintzen ditu. Salto egin baino lehen errespetua, urduritasuna eta beldurra sentitzen ditu, «zenbat eta entrenatuago egon, orduan eta beldur gutxiago». Salto egitean, berriz, askatasuna sentitzen du, baita abiadura eta indarra ere. Segundo gutxi horietan, gainera, «munduaren beste perspektiba bat» jasotzen du. Azkenik, lur hartzean, planeatutakoa ondo atera bada, pozik eta «bizitzari eskertua» sentitzen da. «Bizitzeko ahaldunduta sentitzen naiz batik bat, energia birziklatu banu bezala. Nahiz eta nekatuta egon, indarberrituta sentitzen zara», dio. Baina batzuetan gauzak gaizki atera daitezke, eta orduan pentsatzeko tartea hartzen du eta akatsak aztertzen ditu. «Ikasketa prozesu hori gure egunerokotasuneko edozein arlotara eraman dezakegu. Gure posibilitateak birplanteatzeko aukera da», iritzi du.
Segurtasunez salto egitea. BASE hitza ingelesetik dator eta ‘eraikinak, antenak, zubiak eta lurra’ esan nahi du (buildings, anthens, span, earth), alegia, kirolariek salto egiteko aukeratzen dituzten lekuak. Hegazkin batetik salto egitea parakaidismoa den bezala, BASE saltoa egiten dutenek lau elementu horietako bat aukeratzen dute hegaldia hasteko.
Parakaidismoan bi jausgailu eramaten dituzte eta, batek huts eginez gero, bestea zabal dezakete. Gailua lurrera iristeko 600 metro inguru gelditzen direnean zabaldu behar dute. BASE saltoaren kasuan, batzuetan 600 metro baino altuera txikiagotik egiten dute salto eta jausgailu bakarra daramate (batzuetan wingsuit deituriko jantzi berezia erabiltzen dute, airean planeatzeko). Jausgailu bakarra eramatearen arrazoia argia da: bigarrena eramatea alferrikakoa da, irekitzeko denborarik izango ez luketelako. Hor dago kirol honen berezitasuna. «Luzea da BASE saltatzaile batek egin behar duen ibilbidea segurtasunarekin salto egin ahal izateko, eta, jarraitu behar den metodoa, zorrotza oso –dio Usategik–. Saltatu baino lehen beti baloratu behar dira haizearen indarra eta norabidea. Saltatuko duzun tokiaren exit-aren norabidea eta lur hartuko duzun tokia ere begiratu behar dira aurretik». Usategi BASE saltoarekin guztiz maiteminduta dago, baina bilbotarrak argi utzi nahi du ondo prestatzea izugarri garrantzitsua dela, eta prozesua «lasai hartu beharrekoa» dela. Horretarako, ezinbestekoa da aire kirolak irakasten dituen eskolaren batean ikastaroa egitea.
Normalena da BASE saltoa egiten hasi aurretik parakaidismoa egitea. Izan ere, teknikak ondo menperatzea premiazkoa da, eta, horretarako, 150-250 salto egin behar dira, nahiz eta batzuk parapentetik edo speedride (eskia eta parapentea uztartzen dituen modalitatea) egitetik iristen diren BAS saltora. «Estatu mailan ez dago eskola ofizialik BASE saltoa ikasteko Europako beste herrialdeetan bezala. Hemen ‘mentore’ baten laguntza behar duzu kirola ondo egiten ikasteko», dio Usategik. Euskal Herritik gertuen den eskola Paracaidismo Norte Leioako enpresak Mimizanen duena da.
Hala ere, bere kabuz ikasi duenik ere badago, Youtubeko tutorialak ikusiz, kirolaren arriskugarritasuna izugarri handituz. 2021ean 22 pertsona hil ziren mundu osoan kirol hau praktikatzen, eta, 2022an, momentuz (uztailaren amaierakoak dira datuak), 18 kirolari hil dira “BASE Fatality List” zerrenda ofizialaren arabera. «Norberaren gaitasunen arabera bakoitzak hartzen du erabakia. Edozeinek du ekipoa Interneten erosi eta salto egiteko aukera... Horietakoak dira hildakoen zerrendan agertzen diren asko. Zerrenda salto egiteko protokoloak berritzeko oso baliagarria da, besteen akatsetatik denok ikas dezakegulako», esan du Usategik, zentzuz jokatzeko dei eginez.