INFO

Donostian autoarekin emakume bat harrapatu eta ihes egin zuen gidariaren bila ari dira

Donostiako Udaltzaingoak laguntza eskatu du ostiral arratsaldean autoarekin emakume bat harrapatu eta ondoren ihes egin zuen gidaria aurkitzeko. Poliklinika inguruan gertatu zen ezbeharra eta emakumea, erizaina, Zainketa Intentsiboen Unitatean dago. Lanera zihoan harrapatu zutenean.

Poliklinika inguruko zebrabide batean harrapatu zuen emakumea gidari batek. (POLIKLINIKA GIPUZKOA)

Donostiako Udaltzaingoa atzo arratsaldean Poliklinika inguruan gertatu zen ezbeharraren lekukoen bila dabil. Izan ere, arratsaldeko 15.00ak aldera oinezkoen pasabidea gurutzatzen ari zen emakume bat autoarekin harrapatu zuen gidari batek eta ondoren ihes egin zuen.

Emakumea, 28 urteko erizaina, Poliklinikaria zihoan lanera. Kolpe handia jaso zuen buruan eta hasiera batean bertan artatu zuten. Bere egoeraren larritasuna ikusita, Donostia Ospitalera eraman zuten, anbulantzian. Emakumea Zainketa Intentsiboen Unitatean ingresatu zuten. Bere pronostikoa erreserbatua da, familiak jakinarazi duenez.

Udaltzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko eta gidaria aurkitzeko lekukoak eskatu ditu. Halaber, erizainaren familiak kasua publiko egitea erabaki du eta istripua ikusi zutenei laguntza eskatu die.