INFO

Osinalde Sariketa, 50 edizio bertsolari gazteentzako plaza ederra izaten

Gabiriako Osinalde elkartean bertsoari plaza berezia paratu zioten 1971. urtean. Plazarako aukera asko ez zituzten gazteentzat bozgorailu izan nahi zuelako sortu zen sariketa eta aurten 50. edizioa bete du. Urtemuga berezia ospatzeko tamainako festa antolatu dute datorren irailaren 17an.

Aurtengo finalistak saioko gai jartzailearekin. (OSINALDE SARIKETA)

Gabiriako Osinalde Sariketa –izen bereko elkartean jokatzen dena–, 1971. urtean jokatu zen lehenengoz. Joan den apirilean, 50. edizioa osatu zen eta Ane Zuazubizkar izan zen garailea.

Lehenengotik 50. sariketara urteak joan dira, bertsolaritza eta jendartea majo aldatu dira, baina sortu zeneko helburu eta ideiari eusten dio oraindik ere Osinaldek: normalean plaza asko ez dituzten bertsolari gazteei plaza bat ematea.

Aurtengo urtea berezia izan da. Dagoeneko jokatu da ohiko txapelketa eta badago irabazlea. Baina, hitzordua bikoitza da aurten Gabirian, 50. edizioa betetzea ospatu beharrekoa baita. Hartara, datorren irailaren 17an egun osoko egitaraua prestatu dute herrian hain urtemuga borobilari neurriko jaia emateko. Goizeko 11.00etatik hasi eta arratsaldeko azken ordura arte, bertso saioak eta bazkaria izango dira. Eta berezitasuna ondorengoa izango da: urteotan Osinalden parte hartu duten ia bertsolari denek kantatuko dute egunean zehar Gabirian, guztira 44 bertsolarik. Eguerdiko bazkaria herriko plazan izango da eta oraindik badira sarrerak bertaratu nahi duenarentzat (650 14 18 13 telefonora deituta eskura daitezke).

Bertsolari gazteentzat plaza

«Osinalde Sariketan filosofia izan da bertsolari gazteei aukera ematea; hasieratik horrela izan da eta berdin jarraitzen dugu. Baina, adibidez, ikusten badugu bertsolari gazte bat Euskal Herriko finalean aritu dela edo plazaz plaza dabilela, ez diogu deitzen, ez daukalako gure beharrik. Baina, orokorrean, 19-25 urte bitarteko bertsolariak deitzen ditugu, bertsotarako aukera asko ez daukatenak», azaldu du Jokin Murua Lopezek, sariketako antolaketa taldeko kideak.

Lurraldetasuna, parekidetasuna eta bestelako irizpide zenbait hartzen dituzte kontuan bertsolariak sariketara gonbidatzeko orduan. Gehienez hiru urtez parte hartu ahal da eta behin irabazi duena ezin da berriz aritu kantuan. «Ahalik eta bertsolari gehienei aukera ematen saiatzen gara. Eta Goierriko bertsolariei aukera ematen ere saiatzen gara», azaldu du Muruak.

Sariketa sortu zenetik gaur arte hamarkadak joan dira, bertsolaritza aldatu da eta baita jendartea ere. «Sariketa abiatu zenean Gabirian baziren bertso munduan zebiltzan bizpahiru herritar eta ikusten zuten gazteentzat ez zegoela aukera asko. Orduan ez zegoen gaur egungo informaziorik. Jakiten zuten halako baserritan bazegoela bertsotan egiten zuen gazte bat; autoa hartu eta hara joaten ziren, sariketara etorriko ote zen galdetzera. Hasiera batean sei bertsolari batzen saiatzen ziren. Azken 22-23 urteetan hiru kanporaketa eta finala egiten ditugu, guztira 18 bertsolariri deitzen diegu».

Gabiriako sariketaren parte hartzaileei begira bertsolaritzaren garapena suma daiteke. Hasierako urteetan apenas zegoen emakumerik. Arantzazu Loidi izan zen parte hartzen lehena 1983-1984 urteen bueltan. Sariketa irabazi zuen lehen emakumea Maialen Lujanbio izan zen 21. edizioan. Geroztik, beste hamar emakumek irabazi dute sariketa, gehienak azken hamabost urteotan.

«Hasieran kostatu egiten zitzaigun emakumeak topatzea. Gaur egun errazagoa da eta parte hartzaileen artean pareko izaten dira emakumeak eta gizonak. Eta irabazleen artean ere sumatzen da hori», nabarmendu du Muruak.

Parte hartzaileei begira, badira bestelako berezitasunak. «Adibidez, Amets Arzallusek ez du inoiz parte hartu. 18-19 urte zituenerako Euskal Herriko finalean zebilen eta ez du izan gure beharrik. Horrelako adibide gehiago ere badaude».

Aurrera begira, Osinalde Sariketak jarraitzeko asmoa du. «Gaur egun bertsolari asko daude eta ez dago plazarik denentzat. Guk jarraitzeko asmoa daukagu eta konturatzen gara bertsolariek ere asko eskertzen digutela. Oso gustura etortzen dira Osinaldera. Finaleko giroa ere berezia da; 123 lagun izaten gara elkartean eta aste batzuk lehenagotik sarrera guztiak agortzen dira normalean».

Bertsolaritza tamaina askotako jarduna da. Horren erakusle da Osinalde. «Bertsolaritza egunero egiten da: saio txikietan, herrietako plazetan, sariketa desberdinetan, txapelketa handietan... Osinalde Sariketak badu bere izena bertsolaritzan eta gazteei galdetuz gero, plaza preziatua da. Gazteak gure deiaren zain egoten dira», esan du Muruak.